Monty-k Ion Areitio fitxatu du
Hondarribiarra Monty-ren pilotu ofiziala izango da 2015 urtean. Gipuzkoako Txapelketan egingo du debuta bizikleta berriarekin.
Ion Areitiok Monty bizikleta baten gainean egingo du denboraldi berria, Kataluniako markak hondarribiarra bike trial pilotu ofizial bezala aukeratu baitu. Aste honetan material guztia jasotzea espero du Areitiok eta irrikaz dago bizikleta egokitu eta entrenatzen hasteko.
Hondarribiarrak adierazi du albistearekin oso pozik dagoela eta aurrerapausu handia izan dela berarentzat: “Bizikletaz aparte horrelako marka batek bere pilotu ofizial bezala izendatzea oso garrantzitsua da. Bizikleta kontuari begiratuz gero, aurrez beste markan nituen kondizioak dezente hobetu zaizkit, proiektu berri asko dituzte martxan, eta ilusioa ez zaie falta gogor lan egiteko”.
Elite Mailan dagoenetik emaitza ikusgarriak lortu ditu gazte hondarribiarrak, Munduko Kopako podioetara igoz eta iaz Espainiako txapela jantziz, lehen aldiz munduko pilotu onenen aurretik geratuta. Nolanahi ere, aldaketa behar zuela onartu du: “Motibazio aldaketa bat bezala hartu dezaket; urte asko neramazkin leku berdinean, eta lekuz aldatzeak motibazio berri bat piztu du”.
Bizikleta berria aste honetan estreinatzea espero du Areitiok. Lehian, aldiz, Gipuzkoako Txapelketan ariko da lehen aldiz Monty etxeko pilotu ofizial bezala.