03:00ak inguruan iritsi da herrira. Hamarnaka oiartzuar zain zituen abokatuak.
Arratseko manifestazioa, atzo, Oiartzunen. Argazkia: Oinatz Aizpuru
36 orduz atxilotuta egon ondoren, Onintza Ostolaza abokatu oiartzuarra goizaldeko 03:00etan iritsi da Oiartzunera. Ordu horretan zain zituen hamarnaka oiartzuar Doneztebe plazan.
Astelehenean Altzibarren atxilotua izan ondoren, eta Guardia Zibilaren esku egon ondoren, atzo arratsaldean deklaratu zuen Velasco epailearen aurrean: libre utzi zuen Ostolaza, fidantzarik gabe, baina karguekin. 19:00ak inguruan atera zen oiartzuarra Espainiako Auzitegi Nazionaletik.
Hori guztia bitartean, 19:30ean ezohiko udalbatzarra egin zuten udaletxean. Eta ondoren, manifestazioa eta elkarretaratzea Ostolazaren jaioterrian. Ehunka lagun bildu ziren horietan.