Kalte "larriak" medio, bertan behera utzi dute Tunkeko jaialdia
Maiatzaren 23ra atzeratu dute festibala baina hasiera batean hitzartutako taldeak kartelean mantentzea espero dute antolatzaileek.
IV. Gabonak in Hell Fest jaialdia bertan behera gelditu dela jakinarazi dute gaurko egunean Tunk aretoko arduradunak. Maiatzaren 23an finkatu dute festibalerako hitzordu berria, eta dagoeneko sarrerak eskuratu dituztenei egun horretan erabili ahal izango dituztela zabaldu dute. Errentariak aretoan eragindako kalte “larriak” medio bertan behera utzi behar izan dute jaialdia, baina hasiera batean hitzartutako taldeak kartelean mantendu ahal izatea espero dute antolatzaileek.
Zabaldutako informazioaren arabera, aretoa alokairuan zuen errentariak epailearen kaleratze agindua jaso zuen orain gutxi. Horren aurrean “aretoa goitik behera txikitu” duela eta “kalte larriak” eragin dituela adierazi dute Tunkeko arduradunek. Orain, konponketak gauzatu aldera, hiruzpalau astez itxi beharko dutela jakitera eman dute.
Gabonak, maiatzean
Taldeen eta aretoaren agenda dela eta, maiatzeraino atzeratu behar izan dute Gabonetako jaialdia antolatzaileek. Hala eta guztiz ere, Gabonak hil horretan ospatzera animatu nahi izan dituzte musikazaleak.
Halaber, jarraitzaileei sostengua eskatu diete eta bihar ostiralarekin Royal Cluben (22:00) antolatutako Cuarto Oscuroren emanaldira “masiboki” joatera dei egin dute.