Asteazkenero egingo dute, hilaren 14an hasita eta hiru hilabetez. Bihar, osteguna da izena emateko azken eguna. 10-15eko taldea osatu behar zen tailerra egiteko, baina dagoeneko hogei lagun behintzat pasatu dira BAZ buelgotik. Myriam Jauregi arduradunaren esanetan, saiatuko dira bigarren talde bat osatzen.
Myriam Jauregi eta Edu Galarza, tailerraren dinamizatzailea eta zuzendaria
Urtarrilaren 14tik aurrera antzerki tailerra egingo dute Hondarribian hiru hilabetez. Asteazkenero bilduko dira arratsaldez Kultur Etxeko goiko solairuan, Hondarribiko Udalak utziko duen areto batean. BAZ bulegoan eman behar da izena, ostirala baino lehen. Tailerraren prezioa 20 eurokoa baino ez da.
Myriam Jauregi Lazkanotegirena izan zen ideia eta bada urtebete hasi zela mugitzen. “Beste diziplina batzuetan aritzeko dagoen bezala, antzerkia egiteko ez zegoen aukerarik herrian. Txomin Sagarzazu Kultura zinegotziarekin elkartu nintzen, eta laguntzeko prest zegoela esan zidan, baina lehenago jende interesatua ote zegoen jakin behar zela”.
Hala, jende horren bila aritu izan zen gaztea, eta zerrenda bat osatu zuen. Zerrenda hori oinarritzat, udalaren oniritzia jaso eta ikastaroa prestatzen hasi ziren. “Noski, behin ordutegia jarrita zerrendako batzuek agian ezingo dute, baina jende berria ager daiteke, eta taldea osatu”. Hori, astelehenean esan zuen Jauregik, baina gaur goizean dagoeneko kopurua gaindituta dagoela aurreratu dio HITZAri. Pozik dago izandako erantzunagatik, eta Nekane Izarekin gogoratu da, “asko lagundu zidalako hasieratik, bileretara joaten, eta abar”.
Hamar lagun behar ziren gutxienez taldea osatzeko baina dagoeneko hogei dira izena emandakoak, eta epea ez da itxi. “Gustatuko litzaiguke bigarren talde bat osatzea, jende asko kanpoan ez uzteko”, esan du Jauregik, eta horretan jarri dira lanean.
Ezinbestekoa, “lotsa galtzea”
Ikastaroaren zuzendaria Edu Galarza izango da. Hondarribiarra da, baina urte batzuk eman ditu Madrilen eta antzerki diplomatura ikasi zuen han. Herrira itzuli aurretik hainbat lan txiki egin ditu (publizitatean, web serietan…) eta hilaren 14tik aurrera aukera izango du bere ezagutza herriko antzerki zaleekin konpartitzeko.
Bere ustez, “lotsa eta ezagutza eza” dira orain arte Hondarribian antzerki talderik ez egotearen arrazoia eta egoera horri buelta emateko “lotsa galtzeko” eskatu die herrikideei. Ikastaroan denetarik egongo da, batere esperientziarik gabekoak eta zer edo zer egin dutenak, horregatik klaseak oinarrizkoenetik hasiko ditu Galarzak: “Moldatzen joango naiz, ikasleen beharretara programa egokitzen”.
Antzerki tailerreko bi arduradunak gogotsu daude datorren asteazkenean abiatuko diren abenturarekin. Hasiera batean hiru hilabetekoa baino ez da izango, “baina herrian azpiegitura egokiak” daudela nabarmendu du Jauregik, eta talde egonkorra ez osatzea pena litzatekeela uste du.