IATeko langileak abenduko plenoan
Atzo egin zuten urteko azken ohiko udalbatzarra Errenteria-Oreretan, eta ohiko tramiteez gain, hiru gai zituzten eztabaidatzeko.
Irun eta Urnietako IATeko langileek bete zuten pleno aretoa, eta horien puntua aurreratzea ondo ikusi zuten zinegotziek. Mozioa Enpresa Batzordeko bozeramaileak irakurri zuen, eta bertan 183 eguneko greba egitearen arrazoiak azaldu zituen. Hala, enpresak duela bi urteko negoziazioan onartutako gutxienekoak ez dituela bete salatu zuen, eta ez duela negoziatzeko borondaterik. Zentzu horretan, plenoari babesa eta udalak Eusko Jaurlaritzari langile eta enpresaren arteko bitartekari lanak egin ahal izateko eskaera egiteko eskatzen zion mozio horretan.
Bildu, PSE-EE eta Ezker Anitza aldeko agertu ziren; aldiz, abstenitu egin ziren EAJ eta PP. Horrenbestez, aurrera atera zen.
Musika eskolak eta fracking-a
Bigarren puntuan Musika Eskoletarako Eusko Jaurlaritzak egiten duen ekarpena zuten hizpide. Kasu horretan, alderdi guztiek aho batez onartu zuten mozioa. Otsailean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako musika eskolek sustatuta, Eusko Legebiltzarrak onartu zuen mozioa oinarrian, hori betearazteko eskatzen zioten Jaurlaritzari. Izan ere, horren arabera, Jaurlaritzak gutxienez, %33ko ekarpena egin behar du musika eskoletarako, baina hortik urrun geratzen da, udalei ahalegin handiagoa egitea ekarriz.
Hirugarren puntuan, berriz, fracking deitzen den gasa ateratzeko sistema izan zuten hizpide. Hori, berriz, ez zen aurrera atera. Berdinketa izan zen bozetan, eta alkateak ez zuen kalitatezko botoa erabili. Mozio horretan, Ezker Anitzak eskatzen zuen Errenteria-Orereta fracking gabeko herri izendatzea. Bilduk eta Ezker Anitza izan ziren babestu zuten bakarrak. Gainontzeko alderdiek kontrako botoa arrazoitu zuten esanez, atea ixteko oraindik goizegi dela, eta ikerketa gehiago egin behar direla ingurumena errespetatu eta aurrerapena ahalbidetuko duen bidea bilatu arte.