Datorren urtarrilaren 13tik aurrera Bizkaiko Urtxintxa Eskolak eta Emagin elkarteak Hezkidetzan aditua ikastaroa martxan jarriko dute Gipuzkoan lehen aldiz. Ikastaroan askotariko gaiak jorratuko dira: besteak beste, teoria eta mugimendu feminista, tendentziak, hausnarketak, sexu-genero sistema, sexualitatea, hizkuntza eta irudi ez sexista, espazioen kudeaketa, parte hartze soziala, eta hezkidetza jarduera hezitzailean.
Urtarrilean hasiko da ikastaroa eta ekainera bitartean iraungo du. Astelehenero 17:00etatik 20:00etara eta hainbat larunbatetan egingo dute, Gipuzkoako Urtxintxa eskolak Donostian duen egoitzan (Mundaiz kalea, 2). 80 ordu teoriko eta 20 praktiko izango dira eta prezioa 220 euro.
Pasaiako Udalak ikastaro honetan parte hartzeko diru laguntza emango du. Matrikularen diru osoa itzuliko dute, bi alditan. %50 ikastaroaren hasieran, eskaera eta ordainagiria aurkezten direnean, eta gainontzekoak ikastaroa bukatzerakoan eta ezarriko diren baldintzak bete direla egiaztatu ondoren.
Eskaintza pasaitar guztientzako da, baita Pasaian erroldatuta egon ez eta bertan lan egiten duten elkarteetako hezitzaileentzako eta entrenatzaileentzako ere.
Diru laguntza jasotzeko bi baldintza bete behar dira: ikastaroa gainditzea eta gutxienez orduen %85a jasotzea.
Eskaerak Udaleko Berdintasun Arlora bideratu behar dira. Informazio gehiago nahi izanez gero Pasaiako Udaleko
webgunera jo edota berdintasuna@psaia.net helbidera idatzi. 943 004 320 telefono zenbakira ere dei daiteke.