Errenteria-Oreretako santomasetan ez da faltako urtero bezala txerria; aurten Ritxar izenekoa. Ritxarrek, ordea, beste urtetako txerriei baino gehiago begiratzen diotela sentituko du. Izan ere, ekimen berri bat prestatu dute. Txerriaren pisua asmatu beharko dute parte hartzaileek, eta hala eginez gero, txerriaren pisua dirutan eskuratuko dute. Lehiaketan parte hartzeko txartelak postuetan egongo dira salgai, 0,50 euroan.
Larunbata eta San Tomas. Aurten ziur azken urteetan baino gehiago beteko dela Zumardia. Hori ere badakite antolatzaileek, eta hori kontuan izanda, “egitaraua indartuta eguna are handiagoa” izatea nahi dute.
Azken asteetan lan talde bat aritu da hori prestatzen, udalarekin elkarlanean. Hala, Ereintza dantza taldea, Oiartzo Batxillergo Eskolako ikasleak, Gaztelan, Sputnik Telleri, Gamon kirol elkartea, txosna batzordea, Ikasle Abertzaleak, gazte asanblada, Iraultza dantza taldea, Landare elkartea, Xenpelar AEK euskaltegia, Koldo Mitxelena institutua, Alaia, Alaitasuna, Errepublikanoen elkartea eta Irrien Lagunak aritu dira lanean.
Egitarauaz gain, ezin ahaztu San Tomas Egunaren zutabeak: baserritarren produktuen erakusketa eta txistorra eta edari postuak. Eta nola ez, musika. Guztiek, euren tokia edukiko dute.
Postu horietan edateko edalontzi berrerabilgarriak erabiltzera animatu dituzte herritarrak. Horiek ere erosteko aukera izango da postuetan.
[box]
Egitaraua
- 10:00: Azokaren irekiera.
- 11:00: Udal Txistulari Taldea.
- 11:30: Pregoia.
- 11:30-13:30: Irrien Lagunak eta herri kirolak haurrentzat Lehendakari Agirre plazan.
- 12:00-14:00 eta 16:30-20:30: Baserritar jantzien erakusketa Kapitain Etxean.
- 12:15: Herri kirolak, Gamon Zumardian.
- 13:00: Herriko haur trikitilariak.
- 18:00: Triki poteoa Trikisounden eskutik.
- 19:00: Jauziak.
- 20:00: Porraren eta jantzi politaren sari banaketa.
- 20:30-22:30: Dantzaldi taldearen eskutik dantzaldia.
- 23:00: DJ Bull.
[/box]