Hirigintza Plan Orokorraren hasierako onarpenari argi berdea eman diote
Abenduko ohiko udalbatzarra izan zen astearte ilunabarrean eta bertan hamahiru puntu jarri zituzten mahai gainean. Horietako bat Hirigintza Plan Orokorra izan zen, hasierako onarpena eman zioten EH Bilduren botoekin (EAJ abstenitu egin zen eta H1eko zinegotzia ez zen agertu plenora).
Oihan Tello zinegotziaren hitzetan prozesu luzea eraman da aurrera eta horren barruan parte hartze prozesuari garrantzia berezia eman zion: “200 herritarretatik gora egon dira prozesuan euren ekarpenak egiten eta horiekin proiektua osatu dugu. Landalurraren gaia, esaterako, inoiz egin gabekoa izan da”. Hirigintza Plan Orokorra epearen barruan doala adierazi du eta egindako lanarekin “oso gustura” daudela nabarmendu du.
Zigor Goikoetxea zinegotziaren arabera Hirigintza Plan Orokorra dokumentu “bizia” da: “Moldatzen joan gara eta aldaketa gehiago egongo dira oraindik ere. Sektore batzuetan sekulako lana egin da, zehaztapen askokoa. Lan potentea egin da”.
Dokumentua 45 egunez egongo da jendaurrean eta urtarrilean landa eremuaren gaineko saioa egingo dutela jakinarazi zuten.
Behin betiko aurrekontuak, aurrera2014 urterako zerga ordenantzen behin betiko onarpena ere aurrera atera zen (EAJ abstenitu egin zen). Horrez gain, Oiartzungo Udala Espainiako bandera jartzera behartzen duen sententziaren jakinaren gainean jarri zen udalbatzarra.
Euskal Fondoari egin beharreko ekarpena aho batez onartu zuten. Hala, Nikaraguan eta El Salvadorren ur saneamenduak hobetzen lagunduko da. Aho batez onartu zen beste puntua Oiartzungo Udala eta Haurtzaro Ikastolaren arteko hitzarmena izan zen; heldu diren lau urtetarako balioko du hitzarmenak.
Abenduko protokolo gastuak ere jakinarazi zituzten: 44.10 eurokoa izan da, bidaietan egindakoak.