Aurrekontuak onartzeko unea, goizeko plenoan
Ia 17 milioi euroko aurrekontua izango du Hondarribiko Udalak 2014an. Zatirik handiena udalaren aurrekontuari dagokio (16,6 milioi), 282.000 euro izango du gastatzeko Hondarribia Lantzenek eta beste 272.000 Arma Plaza Fundazioak. Orotara, 16.933.769 eurokoa izango da aurrekontu bateratua, iazkoa baino milioi bat gehiago. Gaur goizean egin dute aurrekontuen pleno berezia eta bertan onartu dira kontuak, EAJren eta Hamaikabaten bozkekin eta Bilduren abstentzioarekin. Kontrako bi boto izan dira, sozialistenak, eta Alderdi Popularrak ez du eztabaidan parte hartu, zinegotzi bakarraren osasun arazoengatik.
2008tik lehen aldiz hazi da udal aurrekontua, Aitor Kerejeta alkate denetik aurrenekoz. Horregatik pozik azaldu da jeltzalea baina, “erantzunkizunez kudeatu behar” dela adierazi zuen. Diru sarreren atalean , udalak “2008tik hona 6 milioi euro gutxiago” jasotzen dituelako kexu agertu da, baina erakundearen egoera ez dela txarra gehitu du: “Krisian zorrik gabe sartu ginen eta zorrik gabe aterako gara krisitik”.
Inbertsioei dagokionez, bi milioi euro inguru jasotzen ditu 2014ko aurrekontuak (2.070.292). Asmoetako batzuk aipatu ditu alkateak: Zuloaga Etxeko obra, Minasoroetako urbanizazioa, Puntaleko futbol eremua berritzea, Mendeluko Zubimusuko erreka bideratzeko lanak eta bertan Irun eta Hondarribia arteko bidegorri lotura egiteko proiektua, edota Zubieta-Urdanibiarako Plan Partziala egitea.