Bosgarren edukiontziaren alde egiteko eskatu dio EAJk alkateari
Errenteria-Oreretako EAJk borondatezko 5. edukiontziaren alde egiteko eta atez ateko sistema alde batera uzteko eskatu dio Julen Mendoza alkateari. Komunikabideetara bidalitako prentsa ohar bidez, alkatea hondakinak biltzeko sistema “korrika eta presaka” aldatzen saiatzen ari dela adierazi du Maite Peña jeltzaleen eledunak. Bere esanetan, herritar talde batek hondakinak biltzeko proposamena kaxoi batean gordeta izan du, birziklatze tasa altuagoak lortzeari uko eginez: “Bilduren proposamen ofizialari buruz dakigun gauza bakarra da atez ateko sistema inposatzearen aldeko apustua egiten dutela, Gipuzkoa osoko hainbat herritan Bilduk egin bezala, gehiengoaren nahia kontuan izan gabe”.
EAJk uste du atez ateko sistema “deserosoagoa, antiestetikoagoa eta askoz garestiagoa” da eta zera gehitu dute: “ez dakigu Bilduko arduradunek zein trataera eman nahi dieten hondakinei, orain arte planteatu duten alternatiba bakarra zabortegiak irekita mantentzea izan baita”.
Bukatzeko, hondakinen gaineko eztabaida alderdi guztien artean burutu behar da, “modu serio, lasai eta azken orduko presarik gabe”.