Atzo herritarrei eta gaur prentsari aurkeztu die 2014ko aurrekontu proposamena Errenteriako Udalak. 48.896.000 euroko aurrekontua izango da, eta iaztik zertxobait igo da, %5,20. Bi ildo nagusi izango dituela azaldu du Julen Mendoza alkateak: gizarte babeserako politika eta garapen ekonomikoa nahiz enpleguaren sorrera. Horiek urtarrileko udalbatzarrean eztabaidatuko dituzte, eta aurrera ateratzea espero duela adierazi du alkateak.
Igoeraren arrazoiak ere azaldu ditu. Batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekarpena handitu egin dela, eta hein batean, Lekuonagatik izan dela aipatu du. Bestetik, Foru Funtsaren desorekak eragindako egoera gainditu dutela jakinarazi du Mendozak, eta horrek datorren urterako gastua murriztea ekarriko duela aurreikusi du, “beti ere etor litekeena kontuan hartuta”. Gogorarazi du azken hiru ekitaldietan, guztira, 10.430.000 euro ordaindu dituztela, 2009ko desorekaren itzulpenari, batetik, eta hiru urte horien desorekari, bestetik, zegozkienak.
Horrek tamaina handiagoko inbertsioak egiteko aukera emango dietela esan du Mendozak. Horien artean, ildo estrategikoari jarraituz Lekuona aipatu du. Guztira, 1.700.000 euroko aurrekontua izango du datorren urtean. Aldundiaren ekarpena, berriz, 1.200.000 eurokoa izango dela aurreikusi dute. Aurten egin duen ekarpena ikusita, aldundiak gaur arte exekutatutakoaren %72 ordaindu duela jakinarazi du alkateak.
Horren gain, gizarte babeserako gastua ere kontuan hartuko dute, eta hori mantendu egingo dutela jakinarazi du. Enplegu planak, berriz,” indartu” egingo dituzte, eta diru kopurua 400.000 eurotik 600.000 eurora igoko dute. Hezkuntzarako eraikinetarako inbertsioak ere igo egingo dituzte, eta aurten, esaterako, Koldo Mitxelena ikastetxeko Biteri eraikinean egingo dute obra, jolastokia estaltzeko.
Beste gastuak
Beste hainbat obretarako gastua bildu dute aurrekontuetan. Hala nola, Kapitain Etxean Euskal Jantzien Museoa egiteko obrak egingo dituzte, Fanderiako errota eta baita Ondartxoko zubia igotzea ere.
Goiko auzoei dagokionez, hainbat lan iragarri dituzte. Hasteko irisgarritasunari dagokionez, Agustinetan jartzea espero dituzten bi igogailuetatik baten proiektua hasiko dute datorren urtean. Horrez gain, hainbat arrapala jarriko dituzte Galtzarabordan.
Goiko auzoekin jarraituz, Sarriegi plaza berrituko dute urteetan bertan behera utzita egon ondoren. Beraungo Pablo Sorozabal plazan ludoteka jarriko dute. Horrez gain, bi komun autogarbitzaile jarriko dituzte, Galtzaraborda eta Iztietan.
Beraungo igerilekuetan aldagelen obrak ere hasiko dituzte. 2015eko uda baino lehen bukatzea espero dute.
Kirolei dagokionez, hala nola, Fanderiako futbol zelaiko belar artifiziala aldatuko dute eta aldagelak berritu. Galtzarabordako kiroldegia ebakuatzeko obrak ere hasiko dituzte. Aforoaren kontua dela eta Eusko Jaurlaritzak egindako eskaera bat da, eta 400.000 eurotik gorako gastu osoan aurreikusten denez, fasetan banatuko dute, eta datorren urtean zati bat egingo dute.
Kultura eta ingurumenaren aldeko apustuarekin ere jarraituko duela udalak berretsi du Mendozak.
Merkataritza ere sustatzen jarraitu nahi dute, eta horretarako, Biteri kaleko peatonalizazioarekin lotutako lanekin jarraituko dutela iragarri dute, eta Bidasoa kalea ere egokituko dutela.
[box]
Inbertsioak
- Kapitain Etxea: 97.000 euro
- Lekuona: 1.700.000 euro
- Fanderiako errota: 32.000 euro
- Sarriegi plaza: 208.000 euro
- Pablo Sorozabal plazako ludoteka: 130.000 euro
- Beraungo igerilekuetako aldagelak: 322.000 euro
- Galtzarabordako arrapalak: 158.000 euro
- Koldo Mitxelena ikastetxeko jolastokia: 430.000 euro
- Agustinetako igogailua: 255.000 euro
- Komunak: 110.000 euro
- Bidasoa kaleko lanak: 75.000 euro
[/box]