Musika asko, Lezon, Gabonetan zehar
Bihartik hilaren 31ra arte, gisa guztietako musika emanaldiak egingo dituzte Lezon, Gabonetako egitarauaren barruan.
Urrunera joan gabe, bihar (osteguna), 18:00etan eta Gezala Auditoriumean, Tomas Garbizu Musika Eskolako Musika eta Mugimendua zein Harizko taldeek kontzertua emango dute.
Etzi (ostirala), ipuin kontzertua izango da Gezalan, 19:00etan, Zangotz Akordeoi Taldearekin eta Talde Koraleko ikasleekin. Eta hilaren 23rako ere bada emanaldia Gezalan, 19:00etatik aurrera: Sutargi zein Aiton Bordako abesbatzeko, eta Atzekoate Kantari Abestaldeak emanaldia egingo dute egun horretan.
Abenduaren 28an, bestalde, De Mode Quartet Iruñeko laukoteak, bere errepertorio bereziarekin (Queen, Aretha Franklin edo Madonna, esaterako) kontzertu berezia emango du Gezalan, 20:00etatik aurrera. Sarrerak bost euro balio du.
Hilaren 31n, musika eskolako ikasleak kopla kantari aterako dira, eta 18:30etik aurrera herrian zehar izango dira taldeko koralekoak, trikitixa taldekoak eta Aiton Borda Abesbatzakoak.