Irungo EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio udal aurrekontu proposamenari
Aurreko urteetako aurrekontuen jarraipena direla iritzita, Irungo EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztu dio 2014rako udal gobernu taldeak prestatu duen kontu proposamenari. Koalizioko kideen arabera, Irungo “ia etxe guztietan aurrekontu doikuntzak” egin dituzten bitartean, udal gobernuak jarraitu du “aurrekontu proposamen ia berdina aurkezten”, hortaz, iritzi du proposamenak ez diela “herritarren beharrei” erantzuten. Eta behar horiei erantzuteko bidea zein den garbi du Irungo EH Bilduk: “Aurrekontuen lanketan ere herritarren parte hartzea”. 2011n eta 2012an egin bezala, “ezkerreko ikuspegitik landutako aurrekontuak” eskatu ditu Oinatz Mitxelena eledun duen koalizioak.
Osoko zuzenketa aurrera aterako ez balitz, partziala ere prest du EH Bilduk, ia 2,9 milioi eurokoa. Irungo familien onurarako litzateke udal aurrekontuetako inbertsio sorta hori, partida berri batekin abiatuko zena. Hala, irundarrek krisi egoeraren ondorioz dituzten baldintzak hobetzeko litzateke partida hori, “familia guztiak era duin batean bizi eta etorkizunari heltzeko baldintza minimo batzuk eskaintzeko”. Horrela, EH Bilduk uste du udalak berez eragile ekonomiko izan behar duela, eta bide horretatik lan du zuzenketa partziala. Azaroko udalbatzarrean onartu ziren kreditu aldaketetako baten diru kopuru berbera du familien laguntzarako proposamenak.