Beharra dutenentzako opariak bilduko dituzte PSE-EE eta Egazek
Errenteriako PSE-EE eta Egaz-ek Irri Bat Oparitu kanpaina martxan jarri zuten iaz Gabonei begira opariak bildu eta behar gehiena duten artean partitzeko. Kanpaina horren “arrakastaren” ondoren, aurten berriro errepikatzea erabaki dute. Hala, gaurtik urtarrilaren 3ra bitartean jostailu, liburu, poltsa, kolonia eta bestelakoak herriko hiru tokitan utzi ahal izango dira. Baldintza bakarra erabili gabe egotea da.
Gero, urtarrilaren 4ean guztiak jaso, paperean bildu eta Gurutze Gorrira eramango dituzte, haiek gero behar gehiena duten familien artean banatzeko.
Uzteko tokiak honakoak dira: Herriko Etxean (Morrongilleta 12 baxua), Beraungo auzo elkartea eta Galtzarabordako kiroldegia. Oparia entregatzearekin batera txartel bat emango dute saski baten zozketarako. Zozketa urtarrilaren 4ean egingo dute.
Iaz 160 opari bildu zituztela jakinarazi dute Jose Angel Rodriguez Errenteriako PSE-EEko idazkari nagusiak eta Isaac Palencia Egaz-eko idazkari nagusiak. Ekimenak izandako erantzuna ikusita, beste herri batzuetako talde sozialistak ere animatu dituzte hori antolatzera, eta Irun, Donostia eta Hernani batu dira.
Erosketak, herrian
Opariak erosterako garaian, herriko komertzioetan egiteko eskatu die PSE-EEk herritarrei, “modu horretara horiek babestu eta laguntzeko, eta horien jarraipena eta lanpostuak bermatu ahal izateko”. Era berean, komertzioei ere “ahalegina” egiteko eskatu die berritasunak sartuz eta ahalik eta prezio erakargarrienak eginez.