Iazko saioa, kiroldegian.
Bertsozaleek urtarrilaren 5ean Elorsoro kiroldegian izango dute zer gozatua. Urtero bezala preso eta iheslarien aldeko bertso saioa izango da Etxeratek antolatua. 17:00etan hasiko da saioa.
Zortzi bertsolari igoko dira oholtza gainera, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalean egon zirenak, hain juxtu: Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Igor Elortza, Aitor Mendizule, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Gai jartzaile lanetan Andoni Egaña ariko da.
Sarrerak dagoeneko salgai daude, 12 euroan. Oiartzunen Amazkar tabernan eta Elorsoro kiroldegian eskura daitezke; Errenteria-Oreretan Landare eta Arkaitza tabernetan; Lezon, Tiñelun; Irunen, Hazia tabernan; Donostian, Herria tabernan eta Hontza liburudendan; Lesakan, Arrano elkartean; Beran, Kattaku ostatuan; Goizuetan, Amaia Kafetegian; Hernanin, Garin tabernan; Astigarragan, Zipotza tabernan; Ziburun, Tana ostatuan; eta Baionan Le Cafe des Pyreneesen.