Ostegunean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du Duintasunak
Hainbat eta hainbat jubilatu eta pentsiodun jasaten ari diren “egoera larria” salatzeko manifestazioa egingo dute Donostian. Manifestazioa, ostegunean, hilak 19, aterako da 11:00etan, Donostiako Bulebarretik. Oarsoaldeko eta Bidasoko Duintasunak bi eskualdeetako erretiratu eta pentsiodun guztiak deitu ditu bertan parte hartzera.
Hain zuzen, gero eta jubilatu gehiago pobrezia egoeran daudela kritikatuko dute, alde bateko eta besteko gobernuek inposatzen dituzten politikak direla eta: “Politikoek aberatsek nahi dutena erabakitzen jarraitzen dute”. Neurri horien artean, kopagoa, egitekoak diren pentsioen erreforma eta murrizketak aipatu ditu Duintasunak.
Egoera hori, gainera, arazo indibidual egin nahi dutela azaldu du Duintasunak, “bakardadean sufritzeko”. Berak, ordea, kontrakoa aldarrikatzen duela esan du, eta “eraso bidegabe hori era kolektiboan salatu”. Eta gaineratu du: “Kalera ateratzeko gaitasuna dugula erakutsi behar dugu, eta gure seme-alaba nahiz bilobentzat etorkizun hobe baten eraikuntzan parte hartu behar dugu, baita guretzako ere”.