Zimizarga auzoan nekazaritza ekologikoa sustatzeko ekimena abiatu dute Hondarribiko Udalak eta Behemendi Landa Garapenerako Elkarteak. Botika baserriaren inguruan hiru lur zati utziko ditu udalak lantzeko, eta interesa agertzen duten herriko langabeen artean banatuko dituzte. Xedea, nekazaritza ekologikoa landuko duten profesionalak sortzea da.
Astelehenean egin zuten egitasmoaren aurkezpena udaletxean, eta bertan izan ziren Nekazaritzako zinegotzi Kalixa Silanes eta Mikel Zedoia Behemendiko ordezkaria. “Nekazaritzaren alde egiten dugun apustua da”, azaldu zuen Silanesek: “Hondarribia Abian Enplegu Planaren eta Garapen Ekonomikoaren xedeetako bat baratze ekologikoak sortzea da, interesatuek bertan haien enpresa jarduera gara dezaten. Hiru lur-zati dira, gutxi gorabehera 5.000 metro koadrokoa bakoitza”.
Lurrak banatzen dituztenean, onuradunen esku geratuko da lurren zaintza eta udaletik zein Behemenditik lagunduko diete asteazkeneroko azokan produktuak salgai jar ditzaten. Hiru lur zati horietako bat lantzeko interesdunek 2014ko urtarrilaren 10a arte dute izena emateko. BAZ bulegoan egin behar dute eta hainbat agiri aurkeztu behar dituzte: NANren kopia eta lur-zatiari eman nahi zaion erabileraren kopia aurkeztuta, eta era berean familia liburuaren kopia, errolda egiaztagiria eta langabezi agiria aurkeztuta. Informazio gehiago behar duenak BAZ bulegoan galdetu edo Behemendiren Lurraldeko Bulegoko telefonora (943 49 02 19) dei dezake.
Konkurtsoaren prozedura