Manuel Millan da Ezker Batuaren zinegotzia udalean
Irungo Ezker Batua-Berdeen udal taldea ez dago ados udal gobernuak aurkeztu duen aurrekontu zirriborroarekin. Osoko zuzenketa aurkeztu dio 2014ko kontuen egitasmoari, “ezaba ditzatela, eta berriz ere egin ditzatela eskatzen dugu. Hiriak dituen beharrei ez die erantzuten proposamenak”. Horrez gain, “ezabatzen ez bada”, hura hobetzeko bost neurri proposatu ditu koalizioak.
Ezker Batua-Berdeen ustez, 2014rako proposamenak jarraipena ematen die “aurreko urteetako erantzun ezei”, eta esan du langabeziari aurre egiteko neurriak “gutxi” direla. Horrez gain, babes ofizialeko etxebizitzetarako eskaintza “urria” dela esan du “batez ere gazteen etxebizitza eskubidea bermatzeko”, eta gainera uste du alokairuaren aukera ez dela kontuan hartzen. Horrez gain, hainbat udal zerbitzu azpikontratatzeko joera ez dela bukatu uste du Ezker Batua-Berdeak-ek. Eta aurrekontuak “behar historikoak” ez dituela betetzen esan du, “Plaiaundira kirol instalazioen lekualdatzea, gune berdeen gabezia, edo autobus geltokia kasu”.
- Esan bezala, aurrekontu proposamen osoa baztertzen ez bada, bost zuzenketa prest ditu Ezker Batua-Berdeak taldeak. Honakoak dira:
- 51 etxebizitza erosteko egitasmoa, horiek alokairura bideratzeko, hiru urteko gastuarekin, 4,6 milioi eurokoa hiru urtean. Urteko 17 etxebizitza ordainduko lirateke hiru urtean.
- San Migel-Anaka eremuan ordenaziotik kanpo dauden etxebizitzen jabeekin negoziatzeko 500.000 euro, lur eremu horiek liberatzeko.
- 18.000 euro Txingudin konpostajearen gaineko ikerketa egiteko, “gaikako bilketan aurrera urratsak egiten ari dira, ez ordea hondakinak baliatzeko bidean.
- 100.000 euro Olaberriako harana babesteko eta kontserbatzeko plan bat egiteko.
- 80.000 euroan handitu Monteroko urmaelak deskontaminatzeko.