Ikastaroen ordutegi eta jarduerak aldatu egingo dira Gabonetan
Galtzaraborda eta Fanderiako kirol instalazioetan egitarau berezia izango dute Gabonak direla eta. Zehazki, abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra moldatuko dituzte ohiko ikastaroak eta baita ordutegiak ere. Egitarau berrian ohiko ikastaroetan izena emanda daukatenek parte hartu ahal izango dute.
Ostiralean, hilak 20, bi ekitaldi izango dira Galtzarabordako kiroldegian. Batetik, Les Mils festa egingo dute, eta bestetik, indoor bizikletako eskola tematiko bat. Les Mils festan, Sh’ Bam eta Body Combat saioak uztartuko dituzte. 19:15ean hasiko da, eta ordu eta erdi iraungo du. Indoor bizikletari dagokionez, Tomorrowland techno-house jaialdiaren tematika edukiko dute. 19:00etan hasiko da, eta ordu eta erdi iraungo du ere. Handik astebetera, ostiralean, urteko hogei abesti onenekin indoor bizikletako eskola berezi bat emango dute, 19:00etan, hori ere eta ordu eta erdiz. Urtarrilaren 3an, berriz, Les Mills festa errepikatuko dute, 19:125ean.
Horrekin batera, berriz, Gabonetako ur parke bat egongo da. Hilaren 23, 26 eta 27an egongo da zabalik Galtzarabordan, 17:30etik 19:30era; eta hilaren 30 eta urtarrilaren 2 nahiz 3an, Fanderako kiroldegian. Ohiko ikastaroetan izena emanda duten haurrek doan sartu ahal izango dute parkera. Gainontzekoek 3 euro ordaindu beharko dute.