Harritzekoa
Kaletik zoaz, eta bat-batean izaki izugarri handi batekin egiten duzu topo parez pare. Bera ez da zure presentziaz ohartzen; mugitu ere ez da egiten. Txuria da, oso, itsutzeraino. Ez duzu sekula antzekorik ikusi. Zure bikoitza da, gutxienez, buruan daramatzan gauza erraldoi horiek kontutan hartu gabe. Ez dakizu noiz mugituko den eta, garrantzizkoagoa dena, zer egingo duen momentua iristen denean. Bere bidea jarraituko du? Erasotuko zaitu? Agian zure lagun bilaka daiteke. Berarengana hurbiltzea litzateke, orduan, egokiena? Nahi duzu, baina ez zara ausartzen, pauso dardarati bat ematen duzu aurrera eta, segurtasun handiagoz, beste bat atzera. Ingurura begiratzea otu zaizu, azken finean jendez inguratuta zaude, haiek ere zur eta lur egongo dira. Nola izan liteke? Ez, ez, munstroak ez du txintik ere egin, ingurura begiratzeak izutu zaitu, inor ez baita egoeraz ohartu ere egin, arriskutik at egongo balira bezala dabiltza lasai asko haien artean hizketan.
Antzeko zerbait pasako zitzaion burutik Artzain Onaren katedralaren pareko lorategian gabonetako oreina erraldoi txuri argiztatu bat ikusi duen mutiko txikiari. Begiak ezin irekiagoak, mundua gelditu egin da segundo batzuez haurrarentzat. Biak bakarrik daude istant horretan planetan: munstro erraldoia eta bera, parez pare.
Institutuan ikasi genuen zerbait etorri zait burura mutiko txikiari begira nengoela: haurrek eta filosofoek soilik dute harritzeko gaitasuna. Helduok, antza, momenturen batean galdu egiten dugu. Hala behar du izan, nola ulertu bestela leku horretatik pasatzen diren ehunka pertsonen burutik ondorengo galdera ez pasatzea: zer egiten du orein argiztatu batek katedralaren pareko belardian?
Harritzeko gaitasunaren galerari, gainera, ingurukoarekiko interes falta gehitu behar diogu gure egungo gizarte honetan. Autobus geltokira zuzendu naizenean ohartu naiz detaile horretaz. Zain zeudenetatik hainbat, burumakur ikusi ditut. Ez dut esan nahi triste zeudenik, sakelako telefonoari begira-begira zeudela baizik. Autobusaren barruan, antzeko panorama. IPod, iPad, tablet…. Gustu guztientzako entretenimendua. Gizarte moderno honen aurkako hausnarketa kritikoa eten egin dut segundo batzuez nire emaila kontsultatzeko, mugikorrean, burumakur.
Nerabe nintzela lotsa sentitzen nuen ama ikusten nuenean ezagutzen ez zuen norbaitekin hizketan. Urteak pasatu ahala niregan ere hasi zen garatzen ondokoarekin elkarrizketa txatxu bat hasteko beharra, gustua ere hartu niola aitortu beharra daukat. Baina orduan iraultza iritsi zen, komunikazioaren gizartean sartu ginen bete-betean, eta ezezagunekin hitz egiteari utzi genion. Txikitan gurasoek esandakoari bat-batean zentzua hartuko bagenio bezala.
Errealitate batetik ihesi beste batean murgildu garela esango nuke; gure ingurua sobera ezagutzen dugunaren sentsazioak bultzatuta, harrituko gaituen zerbaiten bila jotzen dugula sarri teknologia berrietara. Sekula ikusi ez dugun zerbait, bizitza errealean topatuko ez duguna. Ez beti. Beste egunean, adibidez, gauza kurioso batez ohartu ginen. Zortzi urteko iloba sofan eserita zegoela oso gustuko duen txakur txiki bat sartu zen egongelan. Ez zen konturatu; lanpetuegi zebilen bere mugikorreko animaliari laztan birtualak egiten.