Errenteria frackingik gabeko udalerri izendatzeko eskatuko du Ezker Anitzak
Ostegunean izango da abenduko plenoa, eta gai zerrendako puntuetako bat Ezker Anitzak aurkeztutako mozioa izango da. Bertan, Errenteria-Orereta frackingik gabeko udalerri izendatzeko eskatuko du. Ezker Anitzak gogorarazi duenez, dagoeneko herri eta hiri ugarik hartu dute erabaki hori.
Izendapen hori praktika hori ez egiteko “bermea” izango dela espero du Ezker Anitzak, eta Errenteriak gasa ateratzeko hausketa hidraulikoa edo fracking teknika erabiltzeari uko egitea ekarriko duela.
Frackinga gasa ateratzeko ezohiko teknika bat da. Ezker Anitzak gogorarazi duenez, ordea, oraindik ez dago argi pertsonengan edo ingurumenean zein kalte eragin ditzakeen. Hala nola, lur azpiko urak kutsatzeko “benetako aukerak” daudela jakinarazi du Ezker Anitzak, eta horrek era berean, lurrazaleko ura kutsatzen duela.
Horrez gain, gogorarazi du lurrazala ere asko okupatzea dakarrela teknika horrek, esplotazioa optimizatzeko hainbat putzu egin beharko lituzketelako, baita kutsatutako ura pilatzeko baltsak ere, eta azkenik, gasa ebakuatzeko depositua daukaten ibilgailuen joan etorriak ugariak izango liratekeelako.