
Txinzerren arabera, “arrakastatsua” izaten ari da landare gai organikoen gaikako bilketa Irunen eta Hondarribian, edukiontzi marroiaren bitartez. Zazpi hilabete dira abian jarri zenetik hondakin horiek biltzeko sistema, eta epe horretan 400 tona bildu dituztela jakinarazi du Txinzerrek. “Horri esker”, esan dute Txingudiko Zerbitzuak-etik, “hondakin horiek dagokien tratatzeko plantara eraman ahal izan dira zabortegira eraman beharrean, ingurumen nahiz ekonomia alorretan horrek ekarri duen onurarekin”.
Maiatzean jarri zuten indarrean edukiontzi marroia. Hala, ekainean, 26 tona landare gai organiko bildu zituzten, eta Txinzerren arabera gorantz joan da jasotakoaren kopurua hilabetez hilabete, “gaur egungo 85,5 tonara iritsi arte”. Urria izan da gehien jaso den hilabetea, 109 tonarekin. Jasotzen denaren batez bestekoan, herrika, Hondarribiaren zatia %17koa da, eta Irunena da gainontzeko %83a.
Edukiontzi marroia erabiltzeko erabakia hartu zuten familiek %1 gutxiago ordaindu behar dute urteko zaborren kuota.