Arditurriko txondorra azaroaren 23an piztu zuten
Bihar, festa giroan, Arditurriko txondorra itzaliko dute eta Olentzeroren Laguntzaileek ikatza aterako dute abenduaren 24an plazan egingo den Olentzeroren ongietorrira eramateko. Aterako duten ikatzaren beste zati bat Albaolari emango diote.
Hiru astez egon da piztuta txondorra. Ordura arte bisita gidatu bereziak eskaini dituzte eta parte hartzea handia izan dela jakinarazi dute. Gerturatu direnek, ikazkintzak Euskal Herriko historian izan duen garrantzia ezagutu ahal izan dute, baita ikazkinen lana gertutik ezagutu ere.
16:30ean Oiartzungo Irrien Lagunak Uztapide plaza inguruko bidegorrian elkartuko dira (bereziki 2 urte arteko ume eta gurasoak) eta tren berdean aparkalekura igoko dira. Besteak oinez abiatuko dira Arditurriko bide sarrerara eta bertara tren berdea joango zaie bila. Guztiak meategiko beheko sarreran, pinuaren inguruan, elkartuko dira eta musikariekin batera kalejiran igoko dira meategira. Beste aukera bat ere jarri dute, zuzenean aparkalekura igotzea 17:00etarako.
18:00etan, Olentzeroren Laguntzaileak jaitsi eta ikatza aterako dute. Irrien Lagunak eta Olentzeroren Laguntzaileak Tren Berdean itzuliko dira.