Eva Forestena da Carrero Blanco hiltzeko ekintzaren kontakizuna. Izengotiarekin sinatu zuen, baina liburuak argia ikusi aurretik atxilotu eta heriotza zigorra eskatu zuten berarentzat. Amnistiarekin irten zen libre eta Hondarribian bizitzea erabaki zuen.
Eva Forestena da Carrero Blanco hiltzeko ekintzaren kontakizuna. Izengotiarekin sinatu zuen, baina liburuak argia ikusi aurretik atxilotu eta heriotza zigorra eskatu zuten berarentzat. Amnistiarekin irten zen libre eta Hondarribian bizitzea erabaki zuen.
Operación ogro liburuaren hiru argitarapen. Lehen edizioa, Mugaldek eta Ruedo Ibericok 1974ko abenduan Hendaian argitaratutakoa, Hiru argitaletxearena (1984) eta ‘Egin’ egunkariak ateratakoa —Hiruk utzita—.
Bekainak oso iletsuak zituelako deitzen zioten
Ogro,
Operacion Ogro bere kontrako ekintzari. Kanpotik itsusia zen Luis Carrero Blanco almirantea, Franco hiltzean diktadorearen aulkian eseriko zena. Kanpotik itsusia zen, barrutik bihotzgabea. Heldu den ostiralean 40 urte beteko dira ETAren Txikia komandoak Espainiako Gobernuko presidentearen kontrako atentatua gauzatu zuenetik. Parerik gabeko gertakizun historikoa izan zen hura, Euskal Herrian eta Espainian ahaztuko ez den magnizidioa.
Baina bada Carrero Blancoren hilketa handiagoa egiten duen arrazoirik, eta hori ekintzaren kontakizuna da. Izan ere, Eva Forest idazleak (Bartzelona, 1928-Hondarribia, 2007) atentatuaren egileei egindako grabaketak jaso zituen
Operación Ogro liburuan eta mundura zabaldu. Forestek, baina, hiru urte behar izan zituen liburua esku artean izateko, inprentatik atera gabe zegoenean atxilo hartu baitzuten.
Espainiako Alderdi Komunistako kide zen Forest eta Burgosko prozesuaren ondotik Euskadirekin Elkartasun Taldea sortu zuen Madrilen. Ordutik polizia atzetik zuen; La Rubia esaten zion poliziak. Hasiera batean ez zuten Carrero Blancoren heriotzarekin lotu, 12 hildako eragin zituen Correo kaleko atentatuarekin baizik —ETAren arabera eskuin muturrekoen sinadura izan zuen hark—, eta bere senarra Alfonso Sastre ere eraman zuten preso.
Gutxira Correo kaleko atentatuagatik atxilotutako guztiak askatu zituzten, Sastre haien artean, guztiak Forest izan ezik; ordurako Carrero Blancoren heriotza eragin zuen taldeko kidetzat zuen poliziak, eta “bi atentatuengatik —Correo kalekoa eta Carreroren kontrakoa—zigor heriotz bana eskatzen zuten beretzat”, bere seme Juanito Sastrek azaltzen duenez: “1977ko Amnistiari esker libratu zen ama”.
1977ko Amnistiaren Legeari esker utzi zuen Forestek presondegia eta Alfonso Sastrerekin batera Hondarribira joan ziren bizitzera. Bertan, Hiru argitaletxea sortu zuen Forestek eta, batez ere, gai politiko eta sozialak lantzen zituzten liburuak argitaratzeari ekin zion. Senarraren, Alfonso Sastreren antzerki liburuak ere Hiruren bitartez publikatu izan dira. 1985ean, Antzerkiaren Espainiako Saria jaso zuen Sastrek, frankismo garaian argitaratu ezin izan zuen La taberna fantástica liburuarengatik, Hirurekin argitara emandakoa.
Bahitu egin nahi zuten
Eva Forest Yeseriasko kartzelan zela, 1974ko abenduan ikusi zuen argia
Operación Ogro liburuaren lehen aleak. Hendaian argitaratu zuten. Bertatik jarduten zuen Mugalde eta Parisko Ruedo Iberico argitaletxeek elkarrekin inprimatu eta zabaldu zuten; hurrenez hurren, Euskal Herriko zein Espainiako errefuxiatuek frankismoaren aurka borrokatzeko muntatu zituzten inprentak. Bolbora bezala zabaldu zen liburua, eta hainbat aldiz paperez kargatu behar izan zituzten errotatibak, edizio berriak egiteko.
Kazetaritza baliabide bat medio, elkarrizketa, Forestek irakurlea harrapatzen duen testua ehundu zuen, Txikia komandoko kide sentitzeraino, elkarrizketaren unean bertan dela sinestarazteraino, ekintzaren konplize bihurtzeraino. Bere senarrarentzat, testu «historikoa» da, baina literatur maila handikoa ere: “Oso garrantzitsua da lehen aldia delako hain garrantzia handiko atentatu baten egileek kontatzea erabaki zutelako, xehetasun txikiekin kontatu, jatorritik bukaeraraino. Baina garrantzitsua da ere kontatzen den ekintzaren handitasun politikoagatik, eta, orokorrean kontuan hartzen ez den beste gauza bategatik, kontaketen transkripzioaren maila literario handiagatik”.
Idazleak dena jaso zuen. Francoren ordezko izateko hautatua zegoen pertsona hil zutenek nola eta zergatik “exekutatu” zuten, baina hori, gainera, testuinguruan jarrita, frankismoak trantzisioa prestatzen ari zen garaiko egoera sozio-ekonomikoaren zertzeladen bitartez.
Julen Agirre ezizenarekin
Ezizen batekin sinatuta dago
Operación Ogro-ren lehen edizioa, eta, ez hori bakarrik, lehen argitaraldiaren hitzaurrean egileak azaltzen duenez, “poliziak erabil ditzakeen datu guztiak, noski, makilatuak izan dira, batzuk, eta isilduak, beste batzuk, baina liburu osoan gailentzen da, epategien hizkeran esaten den bezala, egia eta egia baino ez, nahiz eta bistakoak diren arrazoiengatik, ez egi osoa”.
Julen Agirreren ezizenarekin sinatuta argitaratu zen
Operacion Ogro liburuaren lehen edizioa. Hitzaurrean, ETAko militantea zela kontatzen zuen Agirrek, eta erakundeak lan bat eskatu ziola: Carrero Blancoren atentatua prestatu eta burutu zutenekin elkartu eta haien kontakizunak argitaratzea.
Hamar urte geroago arte ez zen ezagutu Eva Forestek idatzi zuela. Idazleak berak eman zuen horren berri, magnizidioaren 10. urteurrenaren harira
Punto y Hora aldizkariak kaleratutako edizio popularreko hitzaurrean. Julen Agirreren ezizena bere senarrari otu zitzaiola aitortu zuen idazle bartzelonarrak. “Izenak ez du jatorririk, izen bat besterik ez da, euforia une batean atera zen eta liburuaren egilea nire emaztea zela baztertzeko helburua besterik ez zuen”, dio Sastrek.
1974ko edizioaren hitzaurreaz azalpen hau ematen zuen Forestek,
Punto y Hora-n: “Ni ez nintzen, esaterako, ETAko militantea, ulertzera ematen nuen bezala, baina elkartasun harreman estuak nituen haien herria askatzeko borroka egiten eta amesten zuten militante haietako bat edo besterekin”. Hurrengo urtean Hiru argitaletxeak liburua berriro argitaratu zuen, eta 1978ko abenduaren 21ean Batallon Vasco Españolek erahil zuen Jose Miguel Beñaran
Argala-ri dedikatuta dago edizio hori. Txikia komandoa osatzen zuten guztien izenak ez dira ezagutzera eman, baina Argala haietako bat zela, bai.
Bahitu egin nahi zuten
ETAko Txikia taldeak gauzatu zuen Carrero Blancoren kontrako atentatua. Eustakio Mendizabal Txikia-ren omenez hartu zuen izena komandoak. Espainiako Poliziak 1973ko apirilaren 19an hil zuen Mendizabal, Algortan, erakunde armatuko arduradunetako bat zenean. Haren omenez Txikia izendatu zuten komandoa, baina Madrilgo ekintzak ez zuen Txikiarekin ezta haren heriotzarekin zer ikusirik, hilabete batzuk lehenago hasi ziren prestatzen.
Orotara, urtebete baino gehiago eman zuten ekintza nola burutu aztertzen. Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidente ez zelarik hasi ziren haren bahiketa prestatzen. Izan ere, hasierako asmoa almirantea bahitzea zen, eta hura askatu Espainiako gartzeletan zeuden preso politiko guztiak libre utzita, ETAkoak eta beste preso politiko guztiak.
Jakina zen Francoren ordezkoa izango zela Carrero, baina beraren kontra jardutea pentsatu zutenean ez zen gobernuko presidente, eta izendapenak ezustean harrapatu zituen ETAko komandoko kideak.
Horiek guztiak ere azaltzen dira liburuan, Carrero Blanco presidente onartu zutenekoa, kargu berriak bere egunerokoa aldatu zuenekoa, Txikiaren heriotza gertatu zenekoa, ETAren barruko eztabaiden gaineko zenbait gogoeta eta, gerora, bahiketaren asmotik atentatura egindako aldaketa. Horiek guztiak Txikia taldeko kideekin izandako elkarrizketetan jaso eta maisuki transkribatu zituen Forestek.
Hainbat hizkuntzara itzulia
Idatzi zenean sekulako arrakasta izan zuen
Operacion Ogro-k. Zaila da jakitea zenbat ale saldu ziren, hein handi batean klandestinitatetik egindako lana baitzen. Gainera, Hego Euskal Herrian —eta Espainian— ez zen lortzeko erraza, baina eskutik eskura asko ibilitako liburua izan zen
Operación Ogro.
Eta, Sastreren iritziz, denborarekin liburuak ez du galdu jatorrian izan zuen garrantzia: “Bere iraunaldia erabat egiaztatuta dago, hain zuzen ere, egin diren itzulpen asko Carrero Blanco almirantea erabat ezezaguna zen herrialdeetan egin izan direlako. Gogoratzen jartzen naiz eta portugesez, frantsesez, italianoz, grekeraz, inglesez eta bitan alemanez itzuli da liburua”. Zinera ere Gillo Pontcorvak eraman zuen baina, dramaturgoaren ustez “ez zuen eduki
La batalla de Argel filmakin lortutako mailarik”.
Horregatik denagatik, kazetaritzako maisu lana da
Operación Ogro, baina ez hori bakarrik, atzean eleberri beltz liluragarria ezkutatzen da, idatzi zenetik 40 urte igaro direnean, irakurlearen konplizidadea bereganatzeko gaitasuna mantendu duena. Lan historikoa da, kazetaritzaren nahiz literaturaren aldetik, Francoren ordezkoa noiz, nola eta zergatik hil zuten kontatzen duen edozein entziklopedian bere osotasunean ‘moztu’ eta ‘itsatsi’ beharko litzatekeena.
Gaur zortzi 40 urte beteko dira ETAren Txikia komandoak Luis Carrero Blanco exekutatu zuela. Euskal Herriaren —eta Espainiaren— historia aldatu zuen ekintza horrek eta, lau hamarkada igarota,
Operación Ogro liburuak oilo ipurdia sortarazten du oraindik. Liburu mundiala, hondarribiar batek munduari idatzia.