Uliazpi Fundazioak kalitatearen zilarrezko ‘Q saria’ irabazi du
Euskalit Bikaintasunerako Euskal Fundazioak zilarrezko Q saria eman dio Uliazpi Fundazioari, zerbitzuen kalitateagatik. Entitate publikoa da Uliazpi, aldundiarena, eta zerbitzuak eta laguntza eskaintzen dizkie adimen desgaitasuna duten gipuzkoarrei eta haien familiei, bizitza kalitatea hobetze aldera. Uliazpik bost herritan ditu zentroak, horietako bat Hondarribian, Jaitzubian.
Larraitz Ugarte Foru Aldundiko bozeramaileak adierazi du garrantzi handikoa dela krisi garai honetan erakunde publikoek kudeatutako Uliazpi bezalako gizarte zerbitzuen entitate bat halako saria lortzeko gai izatea. “Uliazpi eredu eta erreferente bat da gizarte zerbitzuak modu arduratsuan, eraginkorrean eta publikoan kudeatzen, betiere bikaintasuna gidalerro dutela. Gaur egun bizi dugun pribatizazio olde honetan beste modu batera lan egin daitekeela frogatzen du. Hori dela eta, zorionak eman nahi dizkiogu Gizarte Politikako Departamentuari eta Uliazpiko Gobernu Batzordeari, eta aurrerantzean ere bide horretatik jarri dezaten animatzen ditugu” azpimarratu du.