Bizikletaren erabilera indartzeko plan bat bideratuko du Errenteriako Udalak, eta plan horren barruan, oinezkoen joan-etorriak ere kontuan hartuko ditu. Horren asmoa, autoaren erabilera murriztu eta mugikortasun ohiturak aldatzea da.
Gaur goizean eman dute plan horren berri Jose Manuel Ferradas Ingurumen zinegotziak, Jon Txasko Garraio zinegotziak, eta Ander Irazusta plana egiteaz arduratuko den Biziker enpresako ordezkariak. Era berean, Txita enpresako bi ordezkari ere izan dituzte alboan, Dani Ruiz eta Harri Zuazo. Izan ere, ikastaro bat egingo dute hil honen 14 eta 18an hirian bizikletan ibiltzen ikasteko, eta hori Txitaren eskutik izango da.
Mugikortasun plan hori osatzeko diagnostiko bat egingo dute aurretik. Irazustaren arabera, horretan kontuan hartuko dituzte herritarren iritziak. Diagnostikoaren parte bat telefono bidezko inkestak izango dira; 400 herritarrei egingo dizkiete. Horiek urtarrilean —data ez dute erabat zehaztu— egingo dituzte. Bestalde, zenbat bizikleta dauden kontabilizatuko dituzte, eta era berean, erabiltzaileek zertarako erabiltzen duten jasoko dute. Azken finean, bizikleta erabiltzen dutenek nahiz oinezkoek dituzten beharrak biltzea da helburua, eta bi taldeek konpartitzen dituzten espazioetan bizikidetza sustatzea. Era berean, bizikleta erabiltzeko bidegorri eta bestelako bideen sarea osatu eta oinezkoentzako dauden bideak hobetzea dute helburu. Horretarako, jendearen parte hartzea beharrezkoa izango dela nabarmendu du Irazustak.
Txaskok argi utzi nahi izan du ez dela ekintza isolatu bat, eta marko baten barruan kokatzen dela. Batetik, berak zuzentzen duen sailetik garraio publikoa bultzatzen ari direla nabarmendu du, Mugi txartelaren erabilerarekin. Bestetik, berriz, bidegorriak luzatu eta oinezkoen espazioak zabaltzen ari direla jakinarazi du. Plana Eskola Bidea proiektuarekin ere lotu du. Hala, eskualdeko herrien artean Eskola Kirola dela eta, bidaiak bizikletaz egiteko lanean ari direla azaldu du.
Ikastaroa
Hirian askotan bizikleta erabiltzeko kezka izaten du jendeak, eta askok, gainera, kirolarekin lotzen dute, eta ahaztu egiten dute garraio modu bat ere izan daitekeela. Aurreiritzi horrekin hautsi eta bizikleta hirian erabiltzeko zenbait argibide emateko, larunbat honetan, hilak 14, eta hilaren 28an (hori ere larunbata) ikastaro bana emango dute, Reina aretoan. Goiz batera mugatzen da: 11:00etan hasiko da eta ordu eta erdi eta bi ordu iraungo du. Doan da EEE Energiaren Euskal Erakundeak laguntzen baitu.
Ikastaro teoriko eta praktikoa da, eta horregatik, bizikleta eraman behar dela jakinarazi dute. Aurretik, gainera, izena eman beharko da 943 27 55 85 telefono zenbakian edo
info[a bildua]txita.com posta elektronikoan.