Atzo egin zuten agerraldiaren irudia
Herriko tabernen eta Segi gazte erakundearen sumarioen eta epaiketen harira, asteburu honetan hainbat ekimen egingo dituzte Irunen, Ibai eta Hazia Libre izenburuarekin. Izan ere, Espainiako Auzitegi Nazionalean epaitzen ari diren 35/02 sumarioaren barruan Hazia elkartea dago (beste 109 herriko tabernekin batera), eta 26/11ren barruan, Segi erakundearena, Ibai Esteibarlanda irundarra (beste 36 gazterekin batera). Horrela, ekimenaren bitartez bi epaiketak bertan behera utz ditzatela eskatuko dute horren sustatzaileek, “Haziaren eta Ibairen absoluzioarekin batera”. Beheko zerrendan daude ostiralerako eta larunbaterako antolatu diren ekimenak.
Epaiketa horien atzean “aniztasun politikoa ezabatzeko ahalegin garbia” ikusten dute Irungo Libre jardueraren antolatzaileek, “eta era berean, lan politikorako askatasunaren eta ideia guztien defentsarako eskubideen urraketa argia ikusten dugula gehitu nahi dugu”. Horrelako epaiketei zilegitasunik ematen ez dietela baieztatu dute, eta lan politikoa egiteagatik Ibai Esteibarlanda “terrorista bezala” izendatu dutela. Hein betean, Hazia elkartearen 21 urteko lana aitortu, eta horren balizko itxiera “ulergaitza” dela esan dute.
Horrekin guztiarekin epaiketa politiko gehiago ez egitea galdegin dute Libre dinamikaren sustatzaileek, “eskandaluzko instrukzio bidegabeetan” oinarrituta daudelako, eta aniztasun politikoaren eta elkartze, adierazpen nahiz askatasun politikorako bidea “urratzen” dutelako: “Funtsezko eskubideak baldintzarik gabe errespeta daitezela, ditzagula”.
Eskaera eta gogoeta horiekin adierazpena egin dute Libre dinamikaren bultzatzaileek. Hori Irungo eragileen artean banatu dute, atxikimendu bila. Horietako batzuek agerraldia egin zuten atzo San Juan plazan.
Hazia eta Ibai Libre ekimena, egitaraua:
Hilak 13 (ostirala), San Juan plazan akanpada
- 08:00etan, gosaria eta akanpadaren muntaia.
- 11:00etan, aerobika.
- 12:30ean, elkarretaratzea.
- 13:30ean, bazkaria (norberak etxetik eramandakoarekin).
- 16:00etan, esku lanak.
- 17:30ean, txokolate jatea.
- 19:00etan, hitzaldiak: Kriminalizaziorik ez, eta EH Libre!
- 21:30ean, afaria (luntx erakoa).
- 23:00etan, gau jolasak (aukeran).
Hilak 14 (larunbata), Libre Eguna
- 11:00etan, hasiera ekitaldia.
- 12:00etan, poteo informatiboa txarangarekin.
- 14:00etan, bazkaria Hazian. Sarrerak Sunbillan, Aranaztarran eta Hazian (12 euroan).
- 17:30ean, manifestazioa San Juan plazatik.
- 19:00etan, kontzertuak tabernetan.