Don Boscoko elektronikako ikasleek berrikuntza sari bat lortu dute
Berrikuntzaren 24 Orduko Jardunaldietan parte hartu du Don Bosco ikastetxeko ikasle talde batek, Bidarten (Lapurdi), eta sari batekin itzuli dira Errenteria-Oreretara; Prototipo Onenaren Sariarekin, hain zuzen.
Piremovb deitzen den egitasmo batekin joan dira Bidartera, lanbide heziketako ikasleen arteko mugikortasuna eta elkartrukea helburu duena.
Berrikuntzako jardunaldi horietan sormena eta berrikuntza landu zituzten ikasleek, eta enpresek aurkezten zizkieten arazoei irtenbide bat ematea zen helburua. Hala, arazoetako bat aukeratu, talde bat osatu, eta irtenbide bat eman behar zioten. Don Boscok jakinarazi duenez, lehendik ezagutzen ez zituzten ikasleekin osatu dituzte taldeak.
Ciliverin izan da Don Bosco eta Bidarteko ikasleek osatutako taldeak aurkeztutako proiektua, Don Boscoko ikasleak Iñigo del Teso eta Imanol Aguado ziren. “Zilindro hidrauliko industrialen kontrol modernizatu eta berritzaile automatizatu baten garapenean lan egin zuten”, azaldu du ikastetxeak.
Don Boscok adierazi duenez, taldean lan egitea, erronka eta problemak ebaztea eta ikaskuntza autonomoa” lantzen dituzte ikastetetxean. Gaineratu duenez, lorpen zehatz horiekin “garapen pertsonala eta autoestimua” indartzen dira.
Hurrengoan Zaragozan (Espainia) erakutsiko dute euren abilezia, martxoan Nazioarteko Ikerketa eta Berrikuntza Sariak egingo baitituzte. Bi proiektu aurkeztuko dituzte: “Electronic Thumps Up, display batzuen bitartez dendako artikuluek sare sozialetan dituzten Atsegin dut kopuruak bisualizatzen dituzten esekigailuak, eta 3D Hands 3D inprimatzaile bat eskuz kontrolatzeko agintea.