Añarberi buruzko erakusketa Goizuetara eraman du Eguzkik
Eguzki talde ekologistak Añarbeko baso erreserbari buruzko erakusketa antolatu du, eta oraingoan, Goizuetan ikusi ahal izango da. Udal ganbaran egongo da hilaren 13tik 21era. Goizuetan egitearen arrazoia Añarbeko eremu hori Errenteria-Oreretak Donostia eta Goizuetarekin konpartitzen duela da.
Erakusketaren inaugurazioan hitzaldi bat egongo da, Iñaki Aizpuru ibilbide luzeko biologoarekin. “Gaur egungo mendi eta herri basoen bestelako kudeaketa ereduaren berri” emango duela aurreratu du Eguzkik, eta hala nola, Añarbe, Artikutza eta Bertizeko adibideak emango dituela.
Talde ekologistak gogorarazi duenez, goi Nafarroa eta Gipuzkoa aldeko mugan Goizueta eta Lesaka dira egurgintza intentsiboaren adibide argienak, eta komunitate zientifikoak eta eragile ekologistek sarritan salatu dute kudeaketa eredu hori, ingurumenean eragin dituen kalteak direla eta: “Bertako basoen desagerpena, urritasuna eta isolamendua”.
Gaur egun egurrak balioa galdu duela azaldu du Eguzkik, eta haatik, herrien ondare naturalek balioa irabazi: “Turismoa, natur balioak , baso naturalen eta paisaia tradizionalaren berreskurapena…”