Liburua eta mapa kaleratu ditu Jaizkibel Amaharri taldeak
Jaizkibeli buruzko diziplina anitzeko lehen talde lana aurkeztu zuten Durangoko azokan, Jaizkibel Amaharri izeneko egitasmoak kaleratu berri duen liburu-mapa. Enara Marcos biologo hondarribiarrak azaltzen duenez, argitalpenak ikuspegi “integratzailea” du: “Talde-lanari esker osatu dugu; testuak zientzialari eta naturazale boluntariok idatzi dituzte, eta idatzi horiek osatu eta laguntzen dituzten argazki zoragarriak 41 argazkilariren ekarpenak dira”. Gainera, eremuaren mapa ikusgarria ere prestatu dute Jaizkibel Amaharrikoek. Inprentatik atera berria da eta egun gutxitan liburudendetara banatuko dute.
Asko dira Jaizkibel Amaharri liburu-maparen ekarpenak, Jaizkibelgo lur azalean eta urpean urtetan egindako ikerketa lana jasotzen baita bertan. Gainera, irudiari garrantzia handia eman diote eta, hala, mendiaren baloreez gain ingurunearen edertasuna txukun jaso dute argitalpenean, irudiak noiz eta nola egin dituzten asko zaindu zutela nabaria baita.
Jaizkibel Amaharri liburu-mapa ez da izen bereko taldearen proiektu bakarra. Aurten
webgunea prestatu dute eta dokumental baten grabazioa amaitu dute ere. Erakusketa ibiltaria prestatzen ari dira eta 2016an Mugaz Gaindiko Kongresua egiteko asmoa dute. “Jaizkibel eta Uliak eskualdeko jendeak ere ezagutzen ez dituen naturaren harribitxiak ezkutatzen dituzte. Nolabaiteko museo bizidun eta naturala dira; horregatik, komeni da ezagutzea eta, horren baitan, aintzat hartu, mantendu eta babestea”, gehitu dute Jaizkibel Amaharrikoek.
Berrogeitik gora argazkilarik lagundu dute liburua egiten