Ikastolan gabiltzaaanak pozik gaude beti!
Kantatzen genuen ikastola umeek harrotasunak puztuta.
Xorro gorria esku batean eta bestean amaren eskua heldu-heldu eginda joan nintzen ikastolara lehen aldiz lau urte nituela. Ez dut gogoan negar egin ote nuen ala ez amak Kaputxinoen komentu zaharraren atean utzi ninduenean: seguruenik bai. Ez dut gogoan ere nire gisara han utzi zituzten beste umeek negar egin ote zuten.
Gogoan iltzaturik dut nola egoten ginen ume guztiak lurrean eserita egurrezko zorua zuen gela handian. Ni xorro gorriaren gainean esertzen nintzela akordatzen naiz, etxeko munduarekin lotzen ninduen gauza bakar hura babestu nahian edo.
Komunak handik oso urrun zeudela gogoratzen dut, ilunak zirela; nola gu han elkartzen ginen ume guztietatik txikienak izanik, handi batek lagunduta joaten ginen. Eta lotsatuta, nola ez genuen joan nahi izaten gure begietara ezezagunak eta handiak ziren haiekin.
Hilabete gutxi egin genituen Kaputxinotan. Berehala Joan de Olazabalen hasi ginen. Han ere lurrean esertzen jarraitu genuen. Neguan, egun hotzetan, izoztu egiten ziren jolastokiko arlauzak eta irristan ibiltzen ginen jolasean. Handik, barandari heldu eta salto eginez, gure aurreko lantegiko teilatua ikusten genuen, beti ura egoten zen. Handiek esaten zigutenez, arrainak bizi ziren urezko teilatu hartan.
Hirugarren mailan Añabitartera joan ginen, autobusez. Gelan akuria genuen egurrezko kaxa handi batean eta astero, txandaka, belarra biltzen genuen inguruan hari jaten emateko. Jolas garaian, ikastola aurrean zegoen barrankoa esploratzera joaten ginen. Sekula ez genuen lortu guretzat misterioz beteta zegoen hondora heltzea: jolas garaiak motzegiak izaki, nonbait!
Autobusa galtzen genuenetan, edo zigortuta autobusetik jaitsiarazten gintuztenean, atajotik joaten ginen. Orduak irauten zuen bidea zen hura!
Ikastolan ibili ginen 4 urtetatik 18 urte arte. Gure bizitzetako lehen abentura gehienen lekua izan zen. Eta zentzu batean, gu ere ikastolarekin batera hazi ginen.
Gure gurasoek, beste herritar askoren laguntzarekin, makina lan eta ahalegin egin behar izan zituzten amestu zuten ikastola izaerako abentura handi hura aurrera ateratzeko: gure etxetako jostailuak eta gauzak saltzeko Foru plazako Merkatu Txikiak, baserriko eta jaietako tabernetako txandak eta beste hamaika lan. Neketsua izango zen bidea askotan, baina hara zer-nolako ekarpena egin zioten Euskal Herriari, euskarari eta euskal hezkuntzari. Egungo talaiatik begiratuta, Euskal Herrian —eta Europan, agian— auzolanean egindako inoizko gertakari sozial herritar, anitz, indartsu eta interesgarrienaren protagonista izan ginen, oharkabean.
Duela bi urte, gelan elkarrekin ibilitako lagunak bildu ginen bazkari baten bueltan: ze polita! Baziren hogeitaka urte, kasurik gehienetan, elkarren berririk ez genuela. Hala ere, gehienak joatea erabaki genuen.
Zaila da egun hartan sentitutakoak deskribatzea. Poza, sorpresa, urduritasuna eta batez ere magia berezia egon zen. Hainbeste urteren buruan, eguneroko martxa utzi eta bertaratu izana izan zen zerbaiten seinale. Askotan bere onetik atera genituen irakasle haientzat harrotasun ikurra dena, dudarik gabe.
Heldu den astean elkartuko gara berriro. Gure gorabehera guztiekin, babesa eman eta hazten lagundu zigun taldearen altzora bilduko gara.
Ikastolan gauza asko ikasi genuen: barre egiten, haserretzen, negar egiten, maitatzen, jolasten, borrokatzen, eta neurri handi batean, euskalduna izatea zer den. Zerbaitetan azpimarra jartzekotan, bizitzan ardatz diren balio sendoak aipatu nahi nituzke.
Harian-harian 50 urte kontatu ditu ikastolak. Bada zerbait! Zorionak egitasmo eder horren partaide zareten eta izan ginen guztiei. Ezaugarritzen dituen oinarriak eta balioak iparrorratz izanik, asma dezala ikastolak aurrerantzean ere bidean.
Oxala historiak beste hainbeste urte konta dakizkion ikastolari bertako haurrei, gurasoei eta langileei “ikastolan gabiltzanak pozik gaude beti” kantatzen entzunez.