Belaunaldien arteko irteera egingo dute larunbatean
Errenteria-Oreretako erretiratuen elkarteek antolatuta, bigarrenez, belaunaldien arteko irteera egingo dute. Larunbat honetan, hilak 14, izango da, eta Irun nahiz Hendaia artean ibiliko dira. 09:20ean jarri dute ordua, Topoko geltokian.
Ekintza horren asmoa belaunaldien artean harremanak estutzea da, maite dituzten gazteekin: seme-alabak eta bilobak, esaterako. Gainera, kirola egitera bultzatu eta ingurunea ezagutzeko aukera ematen duela jakinarazi dute, “askotan ezezaguna baita eurentzat”.
Egiten duen bigarren aldia, eta aurrekoak “onarpen zabala” izan zuela adierazi dute erretiratuen elkarteek.
Zentzu horretan, larunbatean ere seme-alabak, bilobak eta gainerako senitartekoak animatu dituzte parte hartzera.