Prebarikazioa egotzita, Lezoko EAJko zinegotzi ohi bat epaituko dute
Efe agentziak jakinarazi duenez, urte hasieran hasiko da 2003 eta 2007 urte artean EAJko zinegotzi izandako Jesus Maria Martiarenaren kontrako epaiketa. Prebarikazioa leporatzen diote, indusketa lan batzuk eta aparkaleku bat egiteko proiektuaren erredakzioa “modu zuzenean” adjudikatu zituelakoan.
Gipuzkoako Fiskaltzak bederatzi urteko gaitasun gabetze berezia eskatzen du, “prebarikazio delitu jarraikorra” egitea egotzita.
2003-2007 legegintzaldian izan ziren gertakariak, EAJ eta EA koalizioan zeudenean udal gobernuan. Hurrengo legegintzaldian EAE-ANV izan zen udal gobernuan, eta salaketa jarri zuen Fiskaltzan.
Egun Lezoko Udala akusazio partikularra bezala aurkeztu da, eta bederatzi urteko gaitasun gabetzea eskatzen du, Fiskaltzak bezala.