Etxea-eskola bidean, haurren segurtasuna zaintzeko egitasmoa jarri dute martxan
Errenteriako Trafiko Saila Eskola Bidea izeneko proiektu batean ari da lanean, eta bere helburu nagusia kaleak pertsonen arteko topaketarako berreskuratzea eta kalitatezko gune publikoak eskaintzea da. Zentzu horretan, egitasmoaren adarretako bat etxetik eskolarako bidean haurren segurtasuna zaintzea da.
Hala ere, hori ez dela bakarra argi utzi du Jon Txasko Trafiko zinegotziak: “Errenteriarako zein herri eredu nahi dugun ere hausnartzeko bidea da”. Hala, mugitzeko zailtasunak dituzten pertsonekiko arduratsua eta ingurunea errespetatzen duen herria nahi dutela adierazi du Txaskok, eta horregatik egin du oinez, bizikletaz edo garraio publikoan oinarritutako garraio moduen alde.
Testuinguru batean kokatu du plana, auzoko udaltzainak, Mugikortasun Plana edo Bizikleta Plana garatzen ari direla kontuan hartuta.
Txaskok gaineratu duenez, saio informatiboak egin dituzte eskoletan eta baita udal teknikariekin ere: “Helburua, ordea, ikasturtea amaitu aurretik herri mailako esperientzia pilotua gauzatu ahal izatea da”.