EAJko kideak, herenegun, Irunen
Markel Olanok asteazkenean Irunera egin zuen bisita baliatuz, EAJk berretsi zuen erakundeetan Irunen alde kan egiteko konpromisoa dutela. Hala, hori Jaurlaritzan, Batzar Nagusietan eta udalean bertan egiten ari direla esan zuen Xabier Iridoy jeltzaleen Irungo buruak, “irundarren alde lan egiten dugu, beren ongizatearen alde”.
Irunen hainbat herri lan eta azpiegitura osatzeko 3,25 milioi euro aurreikusi ditu EAJk 2014ko Jaurlaritzaren aurrekontuen zirriborroan. Irunerako “erabat garrantzitsuak” izango diren egitasmoak abiatzeko izango da diru hori Iridoyren arabera, tartean San Juan plazako liburutegia, Urdanibia plazaren biziberritzea, Behobia arteko bidegorria, edo Leka Enea ikastetxean hobekuntzak, “Irunerako albiste ona izan da hori”.
Markel Olanok, bere aldetik, nabarmendu zuen Batzar Nagusietan bi egitasmo landu dituztela Irunerako, batetik Txingudi Badiako Bidean “aurrerapausoak emateko” 250.000 euro bideratzea, eta bestetik herrialdeko adinekoen egoitzetan plazak kontzertatzeko, tartean Irungoak, milioi bat euro bideratzea: Irunerako egoitza berria eskatu zuen Olanok.
Iridoyk azaldu zuen auzoetarako onuragarriak izan daitezkeen egitasmoak garatzen ari direla 2014ko aurrekontuetan txertatzeko.