“Instituzioekin, Portuarekin eta herritarrekin dituen etengabeko liskarrak” alde batera uzteko eskatu dio gaur goizean Pasaiako EAJk Amaia Agirregabiria alkateari. Jeltzaleen bozeramaile Nahikari Oterminen aburuz, “Portua eta herriaren arteko tirabira amaigabeen kaltetu nagusiak herritarrak” dira, eta hori dela eta, “Bilduren interes alderdikoiak gainditu” eta akordioak sustatu ditzala eskatu diote alkateari.
“Onartezina” iruditzen zaio EAJri Agirregabiriak Portuarekin hartutako jarrera, eta bereziki kritikatu dute Portua “prentsa bidez mehatxatu” izana. Izan ere, Portuak jarrera aldatu ezean, udal gobernu taldeak lehentasunak aldatu eta Portuaren eremuan inbertitzeko dauden 5 milioi euroak beste proiektu batzuetara bideratuko dituztela iragarri baitu berriki Pasaiako alkateak.
Portuarekin bezala, herritarrekin ere konfrontazioa nagusi dela iritzi dio EAJk, eta Donibanen eta Antxon atez atekoa ezartzeko jazotakoak edota San Pedron Arraunlari kalearen inguruko egitasmoarekin gertatutakoak aipatu dituzte adibide gisa.
Gardentasuna eza
“Informazio ezkutatzen dietelako” kexu agertu dira baita ere jeltzaleak. “Horrela gertatu da San Pedroko bizilagunek egindako proposamenarekin, eta gauza bera gertatu zen azken udalbatzan Portuaren eta Pasaiako Udalaren arteko harreman proposamenarekin ere”, esan dute. EAJren arabera, “Pasaiarentzat garrantzitsuak diren erabakiak hartzeko alkate andereak, gardentasun osoz, oposizioko talde guztiei beharrezko informazio guztia helarazi behar diela, azken udalbatzan egin ez bezala”.
EAJk uko egin zion azken udalbatzan beste talde guztiek babestutako adierazpena babesteari, abstentzioaren alde eginez, eta gobernu taldeak gaiarekin lotutako dokumentazioa ezkutatu ziela argudiatuta. Aipatu adierazpena Udala eta Portuaren arteko harremanak arautu nahi ditu. Jeltzaleek gaur jakinarazi dutenez, gobernu taldeak helarazi die aipatu dokumentazioa eta orain berau aztertzen dihardute adierazpenera bildu ala ez erabakitzeko. Erabakia hilaren 11n emango dute jakitera, alkateak gaia berreskuratzeko deitu duen bozeramaile batzordean.
Bien bitartean, eskaera zehatza egin diote alkateari
: “liskarretatik ez da posible ulermen eta akordioetara iristea, horregatik jarrera aldaketa eta pasaitar guztientzat gobernatu dezan eskatzen diogu Agirregabiria alkateari, ezker abertzalearen bozeramaile gisa soilik jokatu ez dezan”.