Mikel Arruti eta Xanti Val Eguberrietako egitarauarekin
Zine eta musika emanaldiak, antzerkia, Euskal liburu eta Diska Azoka, erakusketak… Egitarau zabala bezain aberatsa antolatu du beste behin ere Lezoko Udalak eguberrietara begira. Ostiralean bertan hasiko da 20:00etan presoen alde antolatuta dagoen karteladarekin eta urtarrilaren 5ean amaituko da Pirritx, Porrotx eta Mari Mototxen Bizi Poza lanaren emanaldiarekin. Datorren astelehenean berriz, hitzaldia emango du Pako Aristik 19:00etatik aurrera Kultura Aretoan. Horiekin batera hamaika ekimen antolatu ditu udalak, haur, gazte zein helduentzat eta guztietan parte hartzera deitu ditu lezoarrak.
Egitarau zabala posible egiten lagundu dutela herriko elkarteek nabarmendu du Mikel Arrutik Euskara eta Kultura zinegotziak eta haien esku hartzea eskertu du bereziki. Besteak beste, musika eskola, Murixka Dantza Taldea, Lezo Herri Eskola eta Pasaia Lezo Lizeoko gurasoak, Aiton Borda, Munttar eta Ixkulin elkarteak parte hartuko dute hainbat ekimen antolatzen.
Egitarauari dagokionean hiru ataletan banatu du Arrutik: “Haurrei begira antolatu ditugun zine emanaldiak daude batetik, antzerki eta kontzertuak bestetik, eta hitzaldiak azkenik. Haurrei begirako ekitaldiak doakoak izango dira eta beste guztietarako sarrera 5 eurokoa izango da. Helburua ez da gastoak kubritzea kultur eskaintza herritarren eskura jartzea baizik”. Kantitatea eta kalitate arteko “oreka” lortzen saiatu direla gaineratu du bestalde Kultura zinegotziak.
Aurtengo eskaintzaren barruan hiru antzezlan aukeratu ditu udalak “horietatik bi bakarrizketak dira”, azaldu du Arrutik. Bakarrizketak hautatzeko arrazoia berriz Kuadrillategi egitasmoan parte hartzen duten gazteek egindako proposamenari erantzutea izan dela gaineratu du.
San Tomas azoka 22an
San Tomas azoka hilaren 22an ospatuko dute aurten lezoarrek. Lezoko hamabi baserritako produktuak salduko dituzte sei saltokitan. Horiekin batera beste udalerritako zazpi postu gehiago izango dira Saldise plazan. Txorimalo lehiaketak ere ez du kale egingo aurtengoan eta 13:00etatik aurrera ikustea izango dute bertaratzen direnek.
Ekitaldietarako sarrerak udalaren web orrian eta Kultura Aretoan eskuratu ahal dituzte dagoeneko interesdunek ekimen guztietarako Pirritx Porrotx eta Mari Mototsen ekitaldirako izan ezik. Azken horretarako hilaren 19an zabalduko dute sarrera salmenta udalaren webgunean, Kultura Aretoan eta Bekoerrota Kiroldegian.
Egitarauagabonak 2013-4-1