Goikoetxea, Veitia eta Garciarekin
Ama Guadalupekoa Judo Taldeko Oier Goikoetxea hondarribiarrak urrezko domina lortu zuen asteburuan Punta Umbrian (Huelva, Andaluzia, Espainia) egin zuten kadeteen mailako Espainiako Kopako proban. -55 kiloetan lehiatu zen Goikoetxea eta parte hartutako bost borrokak irabazi zituen, finalean Andaluziako ordezkaria gaindituz. Pilatutako puntuekin rankineko bosgarren posturaino igo da Amako kirolaria.
Aritz Garcia izan zen Huelvara bidaiatu zuen beste hondarribiarra. Ez zuen egun ona izan eta -66 kiloetako podiotik urruti geratu zen.
Txapelketa bukatuta, Ronaldo Veitia Amako entrenatzaileak bi gazteen jarrera txalotu zuen: “Oierren domina saria da, entrenamenduetan saiatzen den guztiaren saria. Eta Aritzek etorkizunean ezusteko atseginak emango dizkigula ziur nago. Baina borroketan erakutsi duten jarrera nabarmendu nahiko nuke. Ezinbestean, sentsazio onekin itzultzen gara etxera”.