
Iaz arrakasta handia izan zuen Mintzodromoak
Hitzarekin, horrela ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna Hondarribain, ahotsarekin. Goizean Mintzodromoa egingo dute Kasino Zaharrean eta arratsaldean
Ahotsak Hondarribian proiektua aurkeztuko dute, udaletxean. Horrez gain, herriko ikastetxeetan eguna berezia izan dadin hainbat ekintza burutuko dituzte. ‘Euskaraz bizi nahi dut’ leloa ohikoa baino presenteago izango da gaur herrian.
Iaz bezala, Mintzodromoa egingo dute Kasino Zaharrean, 10:30etik 12:30era. Udalaren eta Udal Euskaltegiaren ekimena da eta, aurten, Mintzalaguna egitasmoko parte hartzaileak batu zaizkie euskara ikasleei. Udaleko Euskara Zerbitzutik azaldu dutenez, “helburua, euskara ikasten ari direnak euskaraz hitz egitera animatzea da; euskaraz jakin arren, euskaraz aritzeko aukera gutxi duenari aukera horiek ematea eta ohituraz euskara gutxi egiten duenari motibazioa areagotzea… azken batean, elkarrekin euskaraz aritzea da”.
Eta arratsaldean
Ahotsak egitasmoaren aurkezpena egingo dute herrian. Udaletxeko areto nagusian izango da, 19:00etan. Badihardugu Elkartearen proiektua da
Ahotsak eta Euskara Zerbitzuaren laguntza izan du Hondarribian: “Proiektu honen helburu nagusia da Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea: hau da, gure herrietako adineko jendea elakarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea. Horretarako, euskarazko solasaldiak grabatu egin dira herriko adineko pertsona euskaldunekin”. Ahotsak-ekoek herrian elkarrizketatu dituzten batzuk izango dira gaurko ekitaldian eta bakoitzari grabaketan jasotzen diren DVD bat oparituko diote.
Plan berria, asteazkenean
Bihar osoko bilkura egingo dute udaletxean. Besteak beste, Muliaten babes ofizialeko
etxebizitza berriak eraikitzeko plangintza onartuko dute eta haietara aurkeztu ahal izateko baldintzen gainean eztabaidatuko dute. Baina euskarari lotutako gai potolo bat landuko dute ere, okerrik gabe, datozen lau urtetarako Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plan berria onartuko baitute.
Udalerrian euskara jasaten ari den atzerakadari aurre egiteko ezinbesteko lan tresna da Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana, udalaren jardueran euskararen erabilera bermatzeko xedea baitu. Euskara Batzordean landu dute dokumentua eta bihar zinegotzien oniritzia jaso beharko luke. Indarrean dagoen dokumentoak zehazten dituen neurri guztiak betearazteko balio badu, aurrerapauso handia litzateke plan berria.