http://www.youtube.com/watch?v=lPpA5vCesw8&feature=youtu.be
Errenteria-Oreretako abesbatzak 22 urteko ibilbidearen omenaldia jaso du Errenteriako Udalaren eskutik.
Landarbaso abesbatzako kideak oroigarria eta lore sorta jasotzen
Joan den ostiralean Errenteria-Oreretako Landarbaso abesbatzak omenaldia jaso zuen bere jaioterrian. Hala, Errenteriako Udalak orain arte egindako ibilbide arrakastatsuari aitortza egin zion.
Ekitaldia udaletxearen atarian hasi zuten. Errenteriako Udal Txistulari Taldeak ongietorria egin zien. Jarraian, pleno aretora igo ziren abesbatzako nahiz udaletxeko ordezkari guztiak, baita gonbidatuak ere. Julen Mendoza alkateak hartu zuen hitza, eta abesbatzaren ibilbidea gogoratu zuen: 1991an sortu zela, 49 kidez osatuta dagoela eta hamabi nazioarteko sari lortu dituela, hala nola, Italia, Austria, Txina, AEBetan, eta Frantzian. Horien artean, aurten lortutakoa nabarmendu zuen, Galesko Llangollengo musika jaialdian: koru mixtoetan arloan lehenengo saria eta folklore arloan hirugarrena lortu baitzituen. Errenteria-Oreretan halako abesbatza bat egotea harro egoteko modukoa dela adierazi duen, eta merezitako aitorpena jaso duela.
Irune Balenziaga Kultura zinegotzia izan zen hurrena, eta aurtengo madalenetan Iñaki Tolaretxipi Landarbasoko zuzendaria omendu arren, Landarbaso iritsi den tokira iristea talde osoaren lanari esker izan dela azaldu zuen. Horrez gain, “taldeko kide bakoitzak eskaintzen duen denbora, ahalegina, ilusioa eta lana” nabarmendu zituen, eta urte luzez mantentzearren zoriondu zituen.
Jarraian, aurresku bat dantzatu zieten, eta lore sorta eta oroigarri bat eman zieten.
Iker Leunda Landarbasoko presidenteak eskerrak eman zizkien denei. Hasierako urteak “zailak” izan zirena onartu zuen, baina hartutako bideari esker, taldea “haztea” lortu dutela: “Azken urteetan kalitatezko salto handia eman du arlo guztietan, eta horren adibide dira ez soilik lortutako hamabi nazioarteko sariak, aurten Galesen lortutako nazioarteko saria nabarmenduz, baizik eta gure lana eta musika herrialdeko musika zikloetan aurkeztea ere”. Bukatu zuen esanez, bertako kulturaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa mantenduko dutela, baita musika egiten hunkitzeko konpromisoa ere.
Ekitaldia bukatzeko,
Agur jaunak abestu zuten Landarbasoko kideek, Iñaki Tolaretxipiren zuzendaritzapean.