Euskararen Eguna ospatuko dute bihar Karmengo Aman
Gurasoak eta herritarrak gonbidatu dituzte biharko festara Trintxerpeko Karmengo Ama eskolakoek. Egun osoko egitaraua prestatu dute, Euskararen Eguna festa giroan ospatzeko. Goizean, Lehen Hezkuntzako ikasleak, Galtzagorriak antzezlana ikusiko dute, Patata Tropikala taldearen eskutik. Kulkiren jolasekin ariko dira pilotalekuan, eta karaokean abestuko dute. Horrez gain, arratsaldeko merienda prestatuko dute hirugarren ziklokoek. Festa nagusia, baina, arratsaldean egingo dute. Pilotalekuan, 15:15etik aurrera Euskal Festa izango da. Trikitilariak, herri kirolak (guraso eta irakasleen artean), askaria eta gurasoek prestatutako tarta dastatzea izango dira.