
Egungo Muliateko etxebizitzen parean eraikiko dituzte berriak
Muliate II izena izango du Hondarribiko Udalak, Jaurlaritzak eta VISESA erakunde publikoak sinaturiko akordioari esker Zimizargan eraikiko dituzten babes ofizialeko 65 etxebizitzetako promozioak. 33 alokairuzkoak izango dira, eta gainontzekoak salmentakoak. 2014an zehar lan administratiboa egingo dute eta 2015ean hasiko dira obrak. 2017rako giltzak ematea espero dute, gaur goizeko aurkezpenean Aitor Kerejeta alkateak, Covagonda Solaguren Etxebizitza sailburuordeak eta Marcos Muro VISESAko zuzendariak azaldu dutenez.
Lehen aldia da Hondarribiko udalak eta Jaurlaritzak hitzarmena sinatzen dutela babestutako etxebizitzak eraikitzeko eta une honetan hori lortzeagatik pozik azaldu da Kerejeta. “Zaila da promotoreak aurkitzea eta Jaurlaritzak segurtasuna ematen digu. Etxebizitza horiek egingo dira, hasi eta bukatuko dituzte”.

Solaguren, Kerejeta eta Muro, aurkezpenean
Muliate Ieko promozioan ikusitako eskaeraren arabera diseinatu dute Muliate II. Eraikiko diren etxebizitza guztiak bi logelakoak izango dira, gaaraje eta trastelekuarekin. 33 alokairuzkoak izango dira, bitik bat. Kerejetak azaldu duenez, udalaren asmoa beti izan da ahalik eta alokairuzko etxebizitza gehien egitea, baina aurreko promozioetan ezin izan dute gehiagorako finantzazioa lortu. “Jaurlaritzaren finantzazioari esker lortu dugu —eskaintza berriko— etxebizitzen erdia alokairuzkoa izatea eta herri bakarra da EAEn maila hori lortu duena. Guk alokairuzko bost etxebizitza eraikitzeko aukera genuen, baina Jaurlaritzari esker 33 izango dira. Batzuk esan dezakete ez direla asko, baina Hondarribia herri txikia da eta zenbaki hori proportzionalki begiratu behar da, eta proportzio hori Irunera edo Donostiara eramango bagenu, izugarrizkoa litzateke”.
Sinatutako hitzarmenaren arabera, udalak partzela bat utziko dio Jaurlaritzari eta trukean eraikitzen diren etxebizitzetatik 11 udalarentzat izango dira, alokairuzkoak denak. Gainontzekoak Jaurlaritzaren jabegoa izango dute. Horrez gain, orotara 1.100 metro koadro hartuko duten lokalak jasoko lituzte udalak eta, bertan, “Puntalean egin genuen enpresa gunearen antzerakoa” antolatu nahiko luketela gehitu du Kerejetak.
Muliate II, Jostaldi pilotalekuaren eta egungo Muliateko babes ofizialeko etxebitzaren artean dagoen lur zoruan egingo lukete, Muliako etxeetatik gertuen dagoen partzela batean. Gainontzeko eremuan etorkizunean hezkuntza zentro bat eraikiko lukete eta, horri lotuta, laster zerbait aurreratu ahal izango dutela adierazi du Kerejeta alkateak.