Udal langileei aurkeztu diete plan estrategikoa
“Herriaren etorkizuna aldatuko duten ildo estrategikoen berri” eman die Julen Mendozak udal langileei gaur goizean, Niessenen. Hala, lehengo larunbatean herritarrei egindako aurkezpena, gaurkoan langileei egin diete. Mendozaren ustez, beharrezkoa da hori azaltzea “dokumentuak berak duen sendotasunarengatik”.
Errenteria-Oreretaren egungo diagnostikoa “kezkagarria” dela nabarmendu du alkateak, baina aldaketa lortu daitekeela. Horretarako, “erabaki estruktural eta estrategikoak hartzea ezinbestekoa” dela adierazi du. Horiek hiru ardatzetan banatu ditu: babes soziala. ekonomia kreatiboa eta hiri erakargarria egitea.
Hainbat proposamenen berri eman du, baina argi utzi du ez direla udal proiektua, “herri proiektuak baizik”.
Hala, babes sozialaren barruan Auzoak programa, emakumeen aurkako indarkeriari aurre egiteko prebentzio eta sentsibilizazio kanpaina, euskararen erabilera eta kulturen hurbilketa aipatu ditu.
Ekonomia kreatiboan arte eszenikoetako klusterra sortzearen garrantzia adierazi du, besteak beste.
Azkenik, hiria erakargarri izateko, hirigunea lehengoratzea, biziberritzearen beharra, Oiartzun ibaia ibai parke bilakatzea edo Añarbe, Listorreta, Lau Haizeta eta San Marko sustatzea.