Laurak Bat elkarteak bere txartelarekin egindako ordainketak sarituko ditu
Pasaiako merkatari eta ostalarien elkarteak txartelaren kanpaina berria martxan jarriko du bihartik hasi eta abenduaren 24a bitartean. Sariak Laurak Bat elkartearen txartelarekin ordaintzerakoan lor daitezke, kanpainari atxikitutako 44 komertzioetan, Trintxerpen eta Antxon. Bezeroek jakin dezaten non banatzen dituzten sariak, kanpainaren berri ematen duten karteltxoak izango dituzte aipatu establezimenduek begi bistan. Oraingoan 10 eta 20 eurotako sariak banatuko dituzte, eta sari horiek kanpainaren karteltxoa duten edozein komertzioan aldatu beharko dira hurrengo erosketa batean. Kanpainak aurten berritasun bat ere badu: abenduaren 18an 200 euroko bi sari zozketatuko dituzte txartela erabili dutenen artean, bat Antxon eta bestea Trintxerpen. Sariak urtarrilaren 5era arte alda daitezke; hortik aurrera balioa galduko dute.