Aurreko ostegunean 2014ko aurrekontuak lantzeko udalbatzarra egin zuten Lezoko Udaleko zinegotziek. Ogasun eta Kontuetako Batzordeak proposatutako aurrekontua aurrera atera zen EH Bilduren aldeko botoekin, EAJren abstentzioarekin, eta PSE-EEren kontrako botoarekin. Hortaz, Lezok 2014an 7,5 milioi euroko aurrekontua izango du, eta bertan izango diren igoera nabarmenenak gizarte gaietara bideratutako partidak izango dira. Izan ere, udalaren arabera, atez ateko sistema “onuragarria” izaten ari da herriarentzat ekonomia arloan, eta horren bidez “200.000 euroko aurrezkia” lortu dela jakinarazi zuen ostegunean Ainhoa Zabalo alkateak. Aurtengo udal aurrekontua 7,1 milioikoa izan da.
Hori horrela, 2014ko udal aurrekontuaren arabera gizarte arloko laguntzak nola igoko diren jakinarazi du alkateak. Modu honetara:
- Enplegua sustatzeko planaren partida 40.000 eurotik 60.000ra handitu dute.
- Familiei bideratutako diru laguntzak 5.000tik 15.000ra igo dira.
- Familia eskuhartzeari dagozkionak 41.000tik 50.000 igo dira.
- Berdintasun politika bideratzeko 1.600 euro izatetik, 6.000ra pasatu da udala.
- Lezoko elkarteek 15.000 euro gehiago jasoko dituzte.
- Auzotarrekin erabakitzeko inbertsiotara 40.000 euro gorde dituzte 2014ko aurrekontuan.
- Liburutegian teknologia berriak ezartzeko 1.500 euro gorde dira.
Beste puntuei dagokionez, Lezo Herri Eskolak, Insitutuak eta Haur Eskolak “LOMCEren inposaketaren kontra” aurkeztutako mozioa onartu zuten Udalbatzako kideek, aho batez. Berdin gertatu zen Aiton Bordak murrizketei buruz aurkeztutako mozioarekin, baina kasu hionetan EAJren abstentzioarekin.
Herriko Tabernen auziaren eta Segiko kideen auziaren gainean aurkeztutako mozioa EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin aurrera atera zen, PSE-EEren abstentzioarekin, eta Azaroaren 25ari lotutako bi (Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Egunekoa) ere aurrera atera ziren, bat EAJk eta PSE-EEk aurkeztua, bestea EH BIlduk. Bien alde zinegotzi guztiek egin zuten.
Herriko taxi zerbitzuaren ordenantza berriak ez zuen kontrako botorik jaso, Oarsoaldea SA agentziarekin hitzarmena berritzekoarekin bezala. Azkenik, HIE 4 Kabite eremuko partzela batzuen garapenari buruzko hirigintza hitzarmemena eta antolaketa plana aurrera atera ziren, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoei esker.