Lezoko Apaiziartzako eremuan lanean dabiltzan hiru kontsumo taldeetako kideak kalera irten dira gaur, bi bizilagunekin duten arazoa ezagutarazi eta beren proiektu kolektiboaren defentsan. Gurutze Santuaren plazara atera dituzte ekoizten dituzten produktuak, eta han bertan egin dute elkarretaratzea,
Apaiziartzan, bizi, lan eta jan, proiektu kolektiboei arazorik ez lemapean.
Lezoko Apaiziartzan 2011az geroztik ari dira lanean hiru kontsumo talde, Oarsoaldean elikaduraren burujabetza defendatu, eta auzolanean oinarritutako ekoizpena eta kontsumo sare ekologikoa sortzeko. Bertan lurra lantzen aritu direnek, Apaiziartzako baserri erdia, Foru Aldundiarena, auzolanean konpondu zuten, bertan, nekazaritzako jardueretarako azpiegitura antolatuz eta bizitokia atonduz. Baserri aurreko lurrak erabiltzen zituzten abeltzainekin adostu eta ordurarte abere larreetarako erabiltzen zituzten lurrak landatzen hasi ziren kontsumo taldeetako kideak eta hala aritu dira azken bi urteetan.
Azkenaldian, baina, arazoak izan dituzte baserri berean bizi diren bizilagunekin, baserri erdia pribatua baita. Kaltetuek salatu dutenez, “interes partikularrak direla medio, bi bizilagun batu eta salatuak eta mehatxatuak” izan dira. Liskarren bidez beraiek handik kanporatuak izan daitezen lortu nahi dutela uste dute kontsumo taldeetako kideek “horretarako presio fisikoa eta etengabeko mehatxu eta jarrera oldarkorra erabiliz, proiektu osoa arriskuan jarriz”. Edonola ere Probokazioetan ez direla eroriko esan dute, eta horregatik herritarren babesa lortu nahi dute, haien ustez, “interes partikularrek ezin dutelako honelako proiektu herrikoi eta kolektiboa zapuztu”.
Lezoko kontsumo taldeak Gipuzkoako Basherri taldearen partaide dira eta eskualdeko 75 familia inguru elikatzen dituzte.