Oiartzungo elkarteetako ordezkariak, gaurko agerraldian
Urriaren 17an hasi ziren 35/02 auziaren barruko saioak,
Herriko tabernen auzia bezala ezagunagoa. Horren barruan Oarso Bidasoko hainbat elkarte daude sartuta, baita Rufi Etxeberria oiartzuarra eta Idoia Arbelaitz oreretarra ere. Hala, Oiartzungo ia elkarte guztiek bat egin dute Giriziarekin, eta epaiketak iraun bitartean
Herriaren Girizia libre leloarekin bandera jarriko dute euren egoitzetan: “Oiartzungo elkarteok, bakoitzak bere pentsaera eta izaera propiotik, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu Girizia elkarteari”, adierazi dute beheko zerrendan dauden elkarteek Giriziaren alde sinatu duten adierazpenean. Izan ere, herriko 12 elkartek bat egin dute Giriziarekin, EAJren Batzokia izan ezik.
Banderak jasotzeko ekitaldia gaur eguerdian egin dute Girizian bertan. Argazki erraldoia ateratzeko baliatu dute aukera ere. Hala, testua izenpetu duten elkarteen arabera, “epaiketa hauek garai berria zabaltzeko aukerari eta konponbide baketsuari eraso” egiten diete, eta aldi berean, Giriziak sortu zenetik egin duten 31 urteko bidearen aitortza egin dute, “ibilbide oparoa izan da, eta urte horietan guztietan herrian hainbat eta hainbat ekimen antolatu ditu”.
Honakoak dira adierazpena izenpetu duten elkarteak:
- Bizardia elkartea.
- Altzibarko Bilera.
- Aldeguna elkartea.
- Artaso elkartea.
- Auzokalte elkartea.
- Bazkun Zahar elkartea.
- Esku Garbiak elkartea.
- Seingo Borda elkartea.
- Ugaldetxo Kultur Taldea.
- Iturri Berri elkartea.
- Ibargain elkartea.
- Alkartetxea EAren elkartea.