PSE, errauste plantaz: "Enpresei Gabonetako loteria eta herritarrei ikatza tokatu zaie"
Errauste plantarik ez eraikitzeko erabakiaren aurrean, Errenteriako PSE-EE kontra azaldu da eraikuntza enpresekin adostu duten kalte ordainekin. Gipuzkoako Foru Aldundiak enpresei eman behar dien kopurua 13,2 milioi eurokoa dela esan du Jose Angel Rodriguez bozeramaileak —Aldundiaren arabera, 8 milioi eurokoa da—, “baina okerrena da herritarrek ordaindu beharko dutela kopuru hori. Errenteriaren kasuan, 528.000 euro”. Eta ondorioztatu du: “Kudeaketa negargarri horretatik irtengo den euro bakoitza herritarren poltsikotik aterako da”.
Horren arduradun Bildu eta EAJ egin ditu, eta gaineratu du, “EAJ koalizio abertzalea bezain arduraduna da, edo gehiago. Kalte ordaina salatzen dute, baina hori ekiditeko ez dute ezer egiten, Bildu aldundian egotea baimendu baitute legegintza honen lehen egunetik”. EAJren estrategia legegintzaldiaren amaierara iristea dela uste du Rodriguezek: “Gipuzkoa hondora dadila, eta gero etorri dira beraiek [jeltzaleengatik] salbatzera”.
“Eraikuntza enpresei Gabonetako Loteriaren sari potoloa tokatu zaie aurreratuta. Haatik, herritarrei berriz ere ikatz beltza tokatzen zaie Bildu eta EAJk beste behin zigortzea erabaki dutelako”, adierazi du Rodriguezek.