Forum Sport dendan aurkeztu dute gaur lasterketa EATko kideek
Errenteria Atletismo Taldeak (EAT) inoiz baino jende gehiago erakarri nahi du Errenteria-Oreretako San Silbestre lasterketara. Eta horretarako hainbat berritasun landu ditu, horien artean izena emateko aplikazio berria, parte hartzeko modu zabalagoa, dortsal pertsonalizatuak, ibilbidean zehar hainbat ekimen, eta sari bereziak. Eta erronka jarri dute: gazteenen kategorietan 500 lasterkari bildu nahi dituzte, eta helduenetan, 1.000. Horiek guztiak gaur azaldu dituzte EATko kideek, herriko Forum Sport kirol dendan egin duten agerraldian. Kategoria txikien ibilbidea 1.000 metrokoa da, eta karrera nagusiak 7.000 metro izango ditu (zirkuitu bati bi bira).
Beti bezala, abenduaren 31n egingo dute San Silbestrea. Bakarka eta taldeka —azken hori berritasuna da— parte hartu ahal izango da proban, eta maila guztietako irteerak Nafarroa etorbidean izango dira, Gamon Zumardiaren parean. Bakarkakorako bost lasterketa zehaztu dituzte EATko kideek: San Silbestre Txikia (16:30ean aterako dira txikienak), benjaminena (16:30ean aterako dira ere 2002-2003an jaiotakoak), alebinena (16:40an), haur eta kadeteena (16:50an; kadete dira 1998-1999 urteetan jaiotakoak, haurrak, berriz, 2000 eta 2001ean), eta helduena (17:00etan da irteera). Helduen lasterketa ere mailakatua dago, eta horren barruan parte hartuko dute emakume eta gizon juniorrek (1993tik 1997ra jaiotakoak), emakume seniorrek (1992-1979), gizon seniorrek (1992-1974), emakume beteranoek (1978an eta aurretik jaiotakoak) eta gizon beteranoek (1973an eta aurretik jaiotakoak). Eta EATko kideek esan dute maila bakoitzean lehenengo sailkatzen direnentzat izango direla sariak. Ez hori bakarrik; mozorrorik hoberenari, EATko eta Errenteriako lehenengo emakume eta gizonei, eta lehen hiru taldeei ere emango dizkiete sariak. Helmugan, partaide guztiek kamiseta berezia eta hainbat gairekin poltsa jasoko dute.
EATk izena emateko bidean hainbat berritasun jakinarazi ditu. Horrela, hasteko, egunean bertan izena ezingo dela eman zehaztu dute. Hori esanda, aurretik izena emateko tartea abenduaren 29ra arte egongo dela nabarmendu dute, izen-emateak kudeatzeko plataforma berri baten bitartez,
EATren webgunetik abiatuta. Eta izena ematerakoan, adierazi beharko da bakarka edo taldeka parte hartu nahi den. Izan ere, aurtengo berritasunetakoa taldeena da: bost pertsonako taldeak osa daitezke San Silbestrean parte hartzeko (adin eta sexu aldetik mistoak izan daitezke), eta talde bakoitzaren sailkapena bertako partaideek lortzen duten postuaren araberakoa izango da, bost kideen postuak gehituz, eta zenbateko gutxiena lortzen dutenak izango dira irabazle. Lasterketa nagusian parte hartzeko beharrezkoa da txipa izatea, eta norbanakoen izena emateko prezioa 10 eurokoa da, eta taldeena 50ekoa.
Dortsalak eta txipak jasotzeko egunak ere badaude. Horiek jasotzeko aukerak honakoak dira:
- Abenduaren 30ean: 10:00etatik 13:00ak arte, eta 17:00etatik 20:00ak arte Galtzarabordako kiroldegian.
- Abenduaren 31n (lasterketa eguna): 10:00etatik 13:00etara Galtzarabordako kiroldegian, eta 15:30etik 16:30era udaletxeko arkupeetan.
Animazioa eta zerbitzuak
EATren herri lasterketa are zabalagoa izan dadin neurriak hartu ditu EATk. Horien artean daude ibilbidean zehar hainbat arku jarriko dituztela —tartean OARSO BIDASOKO HITZArena, Santa Klara kalean—, Gabierrotako Zubia tabernaren ondoan kronometroa jarriko dutela —helmugan ere izango da—, edo ibilbideko hiru puntutan animazio guneak jarriko dituztela. Gainera, Zubia tabernaren ondoan dagoen kronometrotik 30. minututik aurrera pasatzen diren lehen 50 korrikalariek “opari berezia” jasoko dutela esan dute antolatzaileek.
EATk nabarmendu du, aldi berean, emakumeen parte hartzea sustatu nahi dutela, eta animatu dituzte bertan parte hartzera. Gainera, EATren barruko Baietz emakume taldeak horretarako bideak jarri ditu, eta abenduan zehar entrenamendu bereziak egingo dituzte San Silbestrea prestatzeko: horietan izateko asteartetan Galtzarabordako kiroldegitik pasatu behar dute interesdunek (19:30ean), edo ostegunetan Beraungo Mikel Odriozola estadiotik (19:30ean ere).