'Bateragune auzian' epaitu eta zigortu zituzten bost lagunek giltzapean jarraitu behar dutela dio fiskaltzak. Argudiatu du bost zigortuek ez diotela uko egin "armen erabilerari, ezta indarkeria gaitzetsi ere".
Espainiako auzitegien eskaileretan azken maila da Auzitegi Konstituzionala, eta hark mahai gainean dauka Bateragune auziko bost zigortuen babes helegitea. Auziaren mamiari buruz erabaki arte zigortuak aske ez uztea erabaki zuen ekainean Konstituzionalak, fiskalak hala eskatuta, eta orain, mamiari buruz erabakitzeko, fiskalaren iritzia bilduta datorren txostena jaso du.
Arnaldo Otegiri, Rafa Diezi, Sonia Jazintori, Arkaitz Rodriguezi eta Miren Zabaletari Espainiako Auztegi Nazionalak jarri eta Gorenak berretsitako zigorra bere horretan mantendu edo bertan behera utzi erabaki behar du Konstituzionalak, eta ez du horretarako epe mugarik. Sei urte eta sei urte eta erdiko zigorrak dituzte bost lagunek, eta lau urte pasatxo daramatzate giltzapean.
Presoek espetxean jarraitzeko fiskalak argudiatu duenez, Bateraguneko presoek “ez diote uko egin armen erabilerari ezta indarkeria gaitzetsi ere, ez taldeka ezta banaka ere”. Bostak “legezkotasunaren bestaldean” daudela uste du fiskalak, eta gaineradu du “zantzu ugarik” babesten dutela bostei ezarritako zigorrak, eta adibide gisara aipatu ditu atzemandako agiriak eta bost zigortuek emandako prentsaurrekoak.
Fiskalak gainerat du bost zigortuek “ETAren indarkeriazko ideiekin lotura” dutela eta, beraz, euren jardunak erakunde armatuaren estrategia bati erantzuten diola.